DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Abadiño ETSrekin negoziatzen ari da Lebariorekin konexioa eta Trañako aparkaleku bat

Lau proiektu izan zituzten hizpide orain dela hilabete batzuetatik hona izandako bileran

Urtea hastearekin batera, Euskal Trenbide Sarearekin bildu da berriz Udala

ABADIÑO | Abadiñoko Udala auzo guztietako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko lanean ari da. Urtea hastearekin batera, Euskal Trenbide Sarearekin bildu da berriz Udala, herrian martxan jarri gura dituen egitasmo batzuk administrazio horren eskumenekoak baitira Udalak lau proiektu aipatu ditu egiten ari diren bileretan: lehenik eta behin, TrañaMatienatik Lebariora doan eremua irisgarri egitea. Proposamen hori, batez ere, onuragarria litzateke industrialdean lan egiten duten pertsonentzat, Traña- Matienatik mugitu ahal izateko, izan ere, gaur egun, Astolako sarbidea urruti dagoenez, Lebariora modu desegokian mugitzen dira.

Mugikortasun jasangarria

Bigarren proposamenak ere badu zerikusia Lebarioko jardunarekin. Gaur egun, Euskotren trenbide sareko langileek geltoki pribatu bat dute inguruan, kotxetegietan lan egiten duten pertsonak bakarrik igo eta jaitsi daitezke. Udalak ETSri eskatu dio geltoki hori ordu zehatz batzuetan Lebarion lan egiten duten pertsona guztiei zabaltzeko. Zentzu horretan, Udalak uste du langile askoren artean garraio publikoaren erabilera sustatuko lukeela, horrela mugikortasun iraunkorra sustatuz.

Aldirietako aparkalekua

Udalak ETSri aurkeztutako beste proiektuetako bat Traña-Matienako geralekuaren ondoan disuasio-aparkaleku bat eraikitzea da. ETSren ikerketa baten arabera, egunean trena hartzen dutenen artean, 20-30 pertsona inguruk erabiliko lukete aparkaleku hori. Auzoan aparkalekurik ez dagoenez eta Plan Orokorra diseinatzeko bidean dagoelarik, Udalak aparkaleku hori sortzea proposatu du.

Laugarren lan ildoa inguruko herriekin lotura indartzea da. Udala lanean ari da Atxondorekiko lotura hobea izan dadin, eta Durangorekin ere gauza bera egin nahi du. Traña-Matienatik Durangora doan trenbide zaharrari erabilera eman eta bidegorri sarean txertatzea proposatu du udalak. Garraio jasangarria sustatzen duen bide mota hori bultzatzen ari da udala, eta trenbide sarearen erakunde
publikoari horrelako loturak eraikitzen lan egiteko asmoa erakutsi dio.

Mikel Urrutia alkateak lau proiektuen garrantzia aipatu du: “Segurtasuna, irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzea dira Abadiñoren eta, oro har, gure gizartearen erronka  garrantzitsuenetako batzuk. Horretarako lanean arigara eta hainbat erakunderekin elkarrizketak izaten ari gara, izan bere eskumenekoak direlako, elkarlanean aritzeko edo finantzaketa lortzeko. ETSk Lebariorako irisgarritasun obraren kostuaren zati bat bere gain hartzeko borondatea erakutsi digu, baita etorkizuneko disuasio-aparkaleku baten gastuak partekatzeko ere. Kalkuluak egin beharko dira eta proiektuen bideragarritasuna baloratu, baina horrek, bidegorri baten bidez Traña-Matiena Durangorekin lotzeko trenbide zaharren erabilera lagatzeko prestutasunarekin batera, lan ildo
itxaropentsua irekitzen digu”.

Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak proiektuen anbizioa eta ETSrekiko harremana azpimarratu du: “Izan ditugun bileretan sintonia ona egon da bi aldeen artean eta Euskal Trenbide Sarea prest agertu da mahai gainean jarri genituen proiektu eta proposamenei heltzeko. Lan horiek lotura handiagoa ekarriko lukete Lebario, Traña-Matiena eta, oro har, Abadiñorekin. Zelaieta, Traña-Matiena, Gerediaga… eta beste auzo edo lantokietara datozen herritarrek erabil ditzaketen bideak eta aparkalekuak dira. Hau guztia kotxetegiak Durangotik Abadiñora eraman ziren garaitik dator. Bere momentuan Euskotrenek Lebariorako sarbide horiek egiteko ardura hartu zuen, lur azpiko pasabidea kendu eta ondorioz lan hori egiteko konpromisoa hartu zuenean. Lanak egiten hasi ziren, baina arrazoi batzuengatik lan horiek eten ziren, eta orain proiektu hori berrartu gura dugu. Ez dira kostu txikiko lanak, beraz harremanetan jarraitu behar dugu beste erakunde batzuekin lan horiek gauzatzeko”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top