Irudi, objektu eta oroitzapenen bidez, ikastetxearen historia osatu duten pertsonak balioan jartzen dira

AMOREBIETA-ETXANO | Karmelitak Amorebieta-Etxanok 75 urte betetzen ditu, eta ibilbide hori ospatzeko erakusketa berezi bat antolatu du Zelaietan, martxoaren 31tik apirilaren 30era bitartean irekita egongo dena. “75 urte pertsonagintzan” lelopean, erakusketa hau hezkuntza komunitate honetako kide izan diren pertsona guztiei egindako omenaldia da, eta zornotzarren belaunaldien heziketa integralean ikastetxeak izan duen konpromisoaren erakusgarri da.
Erakusketak 1949tik aurrera ikastetxearen historian zehar izandako une esanguratsuen ibilbidea eskaintzen du. Argazkien, objektu historikoen eta dokumentuen bidez ikastetxearen lehen urratsak, Karmelita Misionera Teresiar komunitatearen lana, ikastetxeko logotipoaren eta uniformearen bilakaera eta eraikinaren barne zein kanpo egituraren aldaketak nabarmentzen dira, betiere ikastetxearen hazkuntza eta garaian garaiko beharretarako egokitzapena islatuz.
Pertsonak ere balioan jartzen dira, besteak beste, mojak, ikasleak, irakasleak, ez-irakaskuntzako langileak eta familiak. Guztiek elkarrekin etengabeko hobekuntzaren aldeko hezkuntza-proiektu bat eraiki dute, eta arlo pedagogikoan kalitate-ziurtagiri ugari lortu dituzte.
Horrez gain, ikastetxearen nortasuna definitu duten oinarri pedagogikoak ere azpimarratzen dira. Garapen pertsonala eta balioetan oinarritutako hezkuntza, euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa, berrikuntza metodologikoa, elkarbizitza, egonaldiak eta aisialdiko jarduerak dira ardatz nagusiak, eta horiekin batera beste hezkuntza komunitate batzuekin sarean lan egiteko gaitasuna ere nabarmentzen da.
Amorebieta-Etxanoko herritarrei erakusketa bisitatzeko gonbita luzatzen zaie, oroitzapenak biziberritu, istorioak ezagutu eta udalerriko parte diren bizipenak elkarbanatzeko aukera izan dezaten, baita Karmelitak Amorebieta-Etxanoren 75 urteak eskertzeko eta ospatzeko ere.