Jarduketaren zenbatekoa 237.798,82 eurokoa da, eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa

BERRIZ | Udalak aurrera jarraitzen du Murgoito, Okango eta Andikoa auzoetako hainbat eremutan landa-bideak konpontzeko lanetan. Izan eren, ekitaldi honetako helburuen barruan, kontserbazio-egoera txarrean zeuden udalerriko landa-bideak konpontzeko obrak egiteko beharra aurreikusi zuen toki administrazioak, eta, denboraren poderioz, hainbat tokitan zoladuran eta ur-bilketan akats larriak dituzten eremu horietan jarduten hasi da.
Egingo diren jarduketen artean, urak bildu eta kanalizatzea sartzen da, hormigoizko areka berriak eraikiz, bide azpiko ur-pasabideak berrituz eta kutxatila eta/edo euri-uren putzuak prestatuz.
Ondoren, zorua ere berrituko da, Loitzate eta Murgoitoamandarro baserrietarako sarbideetan hormigoi armatuzko lauza bidezko zoladura berrituta. Jarduketa hori bera egingo da Okangoko errepide nagusiko hainbat gunetan ere. Bestalde, zorua asfaltatuko da Agirre eta Zugatza baserrietara sartzeko bidean.
Konponketa lanak joan den otsailean hasi ziren eta lau hilabeteko epea dute gauzatzeko. Arlo ekonomikoan, jarduketak 237.798,82 euroko aurrekontua du, BEZa barne.