Guztira 358.485 euro bideratuko dira eta lau aste inguru beharko dira igerilekua erabili gabe

ABADIÑO | Toki administrazioak iragarri du Astolako udal igerilekuetako arazketa sistema berritzeko unea heldu dela eta horretarako, jarduketa lizitazio publikora atera du.
Gobernu taldeak adierazi duenez “aurreko legealdian egin ziren erreformetan ez zen arazketa sistema kontuan hartu” eta orain, araztegiak bizitza erabilgarriaren amaierara iritsi dira, eta berritu egin behar dira. Udalak, araztegien diseinu kontzeptualari eutsiz, araztegiak osorik berritu nahi ditu, ekipamenduak hobeto antolatzeko eta zaharkituak daudenak eraginkortasun energetikoa hobetuko duten beste batzuekin ordezteko.
Hamazazpi asteko epea aurreikusi du Udalak, eta 4 aste inguru beharko dira igerilekua erabili gabe. Zentzu horretan, azken urteotan, mantentze-lanak egiteko instalazioen urteko geldialdi teknikoa udaberrian egin ohi da. Aurten, arazketa sistema berritzeko lanek igerilekuen 4 aste inguruko itxiera behar dutela kontuan hartuta, geldialdi teknikoa udako denboraldiaren amaieraren eta 2025-26 ikasturtearen hasieraren artean egingo da.
Arlo ekonomikoan guztira 358.485€ (BEZ barne) bideratuko dira.
Behin lanak lizitatuta, geldialdiaren datei buruzko xehetasun gehiago emango dituzte. Interesdunek apirilaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.