Jauregizahar auzoaren pareko tartea da, eta gutxienez urte amaiera bitarte egongo da itxita kalea

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak jakinarazi du, San Migel kaleko zati bat itxi dela Jauregizahar auzoaren parean, errepidearen azpian dagoen eta San Martin erreka igarotzen den gangan dagoen arazo baten ondorioz galtzada hondoratzeko arriskua dagoelako. Segurtasun-arrazoiengatik hartu du Udalak neurri hori, eta helburua da “egunero bertatik igarotzen diren ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna bermatzea, errepideren azpiko tunelaren eta galtzadaren konponketa ebaluatu eta kudeatzen den bitartean gerta litezkeen ezbeharrak saihesteko”.

Toki administrazioak jakitera eman duenez eremu hori itxita egongo da, gutxienez, urte amaierara arte eta ondorioz, aldaketak egin dira zirkulazioan, baita autobus geralekuetan ere. Zehazki, aurrerantzean, ibilgailuek Nafarroa kaletik egin beharko dituzte herrira sartu-irtenak.
Hala eta guztiz ere, kalea itxita egon arren, auzokideek bermatuta izango dute Jauregizahar, Gane, Andrandi eta Legarrebi auzoetarako sarbidea.
Bestalde, itxiera horren ondorioz, Bizkaibuseko 3911 eta 3912 lineei eragiten dieten hainbat autobus geltoki kendu eta lekualdatuko dira:
Durangoko noranzkoa
- San Migel kalean, anbulatorioaren aurrean, dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Alambique tabernaren atzealdearen parera.
- San Migel kalean, pump-truck-aren ondoan dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Gure Kirolak-en bolatokiaren parera.
Bilborako noranzkoa
- San Migel kalean, anbulatorioaren aurrean, dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Saltxa tabernaren parera.
- San Migel kaleko geltokia, Gane Zentro Medikoaren parean dagoena, udalerrira sartzeko biribilgunera lekualdatuko da.
Udalak ulertzen ditu itxiera horrek ekar ditzakeen eragozpenak; hala ere, “ulermena eskatu die herritarrei zonaldeko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren aldaketa horien aurrean. Obren epeen eta exekuzioaren inguruko informazioa emango da unean-unean”.