Jarduketak oinezkoentzako ibilbidearen irisgarritasuna hobetzen du eta, aldi berean, zuhaitz handiaren mozketa saihestu du

DURANGO | Espazio publikoen konponketan eta hobekuntzan aurrerapauso berria eman du toki administrazioak Fray Juan de Zumarragako zuhaitzen zainketa bereziarekin. Lan horiek udal brigada ematen ari da aurrera, eta aste honetan bertan amaitzea aurreikusten da.
Udalak adierazi duenez “lan hauek bi helburu nagusi dituzte: espazio publikoaren kalitatea bermatzea eta udalerriko natura-ondarea (zuhaiztiak, berdeguneak…) ahalik eta gehien zaintzea, betiere segurtasuna eta elementuen mantentzea bermatu daitezkeen neurrian”.
Une honetan egiten ari diren jarduketen artean, Fray Juan de Zumarraga kalean, San Ignacio 3-D atariaren ondoan dagoen zuhaitz handiaren ingurukoa nabarmentzen da. Ginkgo biloba espezieko ale handi eta berezi bat da, espaloiaren erdian hazten dena. Bere sustraiek zoladura apurtu dute eta horrek arriskua ekar dezake oinezkoentzat. Zuhaitza egoera onean dagoenez eta ingurumen-balio handia duenez, Udalak ingurua garbitu du, zuhaitzetan aditua den teknikari baten laguntzarekin. Hura kontserbatzeko eta eremuko irisgarritasuna hobetzeko, berdegune berri bat sortzen ari dira, espaloiaren bi aldeak banatuko dituena.
Bestalde, Pinondoko parkean, duela sei hilabete inguru Morera espezieko zuhaitz bat kentzeko hartutako konpromisoa bete da. Ale hori kentzea beharrezkoa izan zen, azkar hondatu zelako, herritarren segurtasunerako arriskutsua baitzen. Orduan iragarri zen bezala, Udalak zuhaitz berri bat landatu du leku berean, inguruko zuhaitzen jarraipena bermatzeko.
Gainera, udal arboladiaren berritze-lanen baitan, 14 zuhaitz berri landatu dira udalerriko hainbat zonaldetan, urtean zehar sortutako hutsuneak betetzeko.
Hirigintza zinegotzi Sara Ocejak adierazi du Udalak konpromiso argia duela “espazio publikoa hobetzeko eta ingurune naturala zaintzeko”. Halaber, herritarrei gogorarazi die berdeguneak zaintzea eta errespetatzea ezinbestekoa dela udalerriko bizitza-kalitatea bermatzeko.