Besteak beste, sortuko den zainketa-ekosistema diseinatzea eta abiaraztea izango dira teknikari berriaren eginbeharrak

ABADIÑO | Zaintzan aurrera pausoak ematea eta abadiñarrei eskainiko zaizkien zerbitzuak kalitatezkoak eta gertukoak izateko helburuarekin, Udalak proiektu, zerbitzu, dinamika eta jarduera anitzak sortu nahi ditu adin guztietako gazteentzat. Bide horretan, Gizarte Ongizateko eta Gazteriako sailak indartuko ditu, teknikari bat kontratatuz, batzordeetatik koordinatzen diren dinamika guztiek errefortzua izan dezaten.
Alde batetik, langileak, Gizarte Ongizateari dagokionez, eginkizun hauek izango ditu: Abadiñon sortuko den zainketa-ekosistema diseinatzea eta abiaraztea; Abadiñoko 60 urtetik gorakoen zaintza-premien azterketa soziodemografikoa aztertzea, eta planteatutako premiei erantzungo dien ekintza-plan bat diseinatzea, gauzatzea eta gainbegiratzea; etxebizitza sozialen alorrean Gizarte Ongizate batzordeko ikuspegia txertatzea; Abadiño Lagunkoia proiektuko kideekin lankidetza estuan aritzea, egun bigarren diagnosia egiten ari baita, eta horretarako ekintza-plana egin beharko da; eta herriko adinekoen kontseilua sortzea eta dinamizatzea.
Arreta jarriko du, halaber, gazterian; izan ere, alde batetik, Gazteria batzordearen ikuspegia txertatuko du Abadiñoko Udalaren etxebizitza-politika diseinatzeko prozesuan, gazteen emantzipazioa bultzatzeko asmoz, eta gazte eta nerabeentzako proiektuak gauzatzen lan egingo du.
Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziaren hitzetan, “erabaki honek argi uzten du zein den Gobernu-taldearen apustua: zaintza erdigunean jartzea. Legegintzaldian jarduera eta dinamika asko jorratzen ari gara zaintzari dagokionez, eta teknikari baten errefortzuak apustu horri bultzada emango dio. Abadiño Lagunkoiaren bigarren diagnosia egiteko bidean asko lagunduko du, eta ekintza-plana diseinatu eta gauzatzeko lanak bizkortuko dira”.