Proiektuan parte hartu nahi duten establezimenduek informazioa eskatu eta izena eman dezakete otsailaren 28a baino lehen

DURANGALDEA | Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak Durangaldeko eskualdeko gastronomia bikaintasuna sustatzeko proiektua jarri du martxan. “Esperientzia gastronomiko bereizgarri eta kalitatezkoak sortzea” izenburupean, helmuga gastronomikoak hobetzea bilatzen da, eskualdeko produktuen eta bereizgarri diren ezaugarrien balioa nabarmenduz.
Bilboko Ostalaritza Goi Eskolako aditu talde batek eskualdeko hautatutako establezimenduak bisitatuko ditu. “Bisitaldi horretan, eskaintza gastronomikoa eta bere funtzionamendua ebaluatuko dituzte, eta ondoren, diagnostiko zehatza egingo dute. Bertan, hobekuntza-proposamenak eta inplementazio-plana jasoko dira establezimenduaren esperientzia gastronomikoa optimizatzeko”, aurreratu dute.
Proiektuaren irismena eta behar diren baliabideak kontuan hartuta, ekimena establezimendu kopuru mugatu bati soilik eskainiko zaio. Horrela, kasu bakoitzaren azterketa sakona eta kalitatezko jarraipena bermatuko dira.
Proiektuan parte hartu nahi duten establezimenduek informazioa eskatu eta izena eman dezakete otsailaren 28a baino lehen. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, Urkiola Landa Garapenerako Elkartearekin ohiko kanalen bidez lortu daiteke.