Hego haizea izango da protagonista datozen egunetan eskualdean

EGURALDIA | Ezohiko tenperaturak otsaileko hirugarren asteburu honetarako: 20 graduko maximoak eskualdean eta hamar gradu inguruko minimoak. Hori guztia hurrengo egunetan nagusi izango den hego haizeari esker, datorren astean tenperaturak are gehiago igoaraziz. Ez da euririk espero asteburu honetan, ezta datorren astearen hasierarako ere.
Ostirala, giro epela
Ostiralean tenperaturak gora egingo du, eta giro epela izango dugu lurralde osoan. Goizean hodeiak gutxituz joango dira eta eguerdirako hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Maximoak 17-18 ºC inguruan espero ditugu. Egunaren lehen partean, hegoaldeko haizea ibiliko da, eta arratsaldean, ekialdekoa.

Larunbata, 20ºC arte
Larunbatean giro eguzkitsua, udaberriko kutsuarekin Kantauri isurialdean. Hegoaldeko haizeak 20 ºC-ra igoko ditu termometroak. Mendi inguruetan haizea gogaikarria izango da, bizia hainbat unetan. Zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatzen dira, baina giro argia eta eguzkitsua egunaren zati handi batean. Hegoaldean behe-hodei batzuk agertuko dira egunaren lehen partean.
