DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Dolu perinatala ikusarazteko erakusketa eta mahai ingurua otsailean zehar

Argazki erakusketa jarriko du ikusgai Iturri Kultur Etxean, otsailaren 3tik 28ra

Erakusketa, otsailak 3tik aurrera ikusgai izango da

ELORRIO | Doluaren kontzientziazioan eragiteko beharretik sortutako proiektua erakutsiko du Esku Hutsik elkarteak Iturri Kultur Etxeko erakusketa gelan otsail osoan zehar. Haurraren heriotza haurdunaldian zehar, erditzean edo jaio ondorengo hilabeteetan zer den hausnartzeko gonbidapena luzatuko dute Nerea Garaizarren argazkiek. 15 eta 20 argazki inguru erakutsiko ditu argazkilariak, bakoitza bere argazki-oinarekin, familien testigantzei tokia eginaz.

Horrez gain, gaia lantzeko mahai-inguru mamitsua ere antolatu dute, otsailaren 18an, 18:00etatik 20:00etara. Hizlarien askotariko profilek haurtzaroa eta heriotzari buruzko ikuspuntu oso bat plazaratuko dute; hala, Esku Hutsik-eko kideek eta familiek, jaiotza inguruko gizarte-langileek, emaginek eta Nerea Garaizar argazkilariak hartuko dute hitza, eta dolua lantzeko tresna emozionalak partekatuko dituzte.

Gurasoek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da Esku Hutsik, eta haur baten haurdunaldi-garaian, jaiotza-inguruan edo jaioberritan haurraren heriotzagatik dolua bizi izan duten edo bizitzen ari diren familiei laguntza ematea du helburu.

Kideek familiartekoei eta familia horien doluarekin zuzeneko harremana duten profesionalei ere laguntzen diete. Horrekin batera, baliabide materialak eta giza baliabideak eskaintzen dizkiete familiei dolua prozesatzeko eta laguntzeko, baita konplikazioak dituzten haurdunaldi-kasuetan ere.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top