DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Gabonak ekitaldiz beteta iritsiko dira Elorriora, denon gozamenerako

Musika Eskolako ikasleen kontzertuaren ondoren, azokek hurbilduko dituzte Gabonak Elorriora datozen egunetan

Elorrioko programazioa gabonetarako

ELORRIO | Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu du, ohi bezala, Gabonetako egitaraua. Aste honetan hasiko dira ekitaldiak: bihar, asteazkena, kontzertua emango dute plazan Musika Eskolako ikasleek, Vulcanizadas taldearekin batera, 18:30ean; eta Hilaren 20an, ostirala, San Tomas feria egingo dute herri eskolako umeek, toki berean. Abenduaren 22rako beste kultur ekitaldi bat antolatu da, kasu honetan, Arriola antzokian. La crisis de la imaginación antzerki familiarra eskainiko du Rauxa konpainiak, 17:00etan hasita.

Abenduaren 24an goizez eta arratsaldez egongo dira ekintzak. Artisau eta sortzaileen azokak plazan irekiko ditu ateak lehen ordutik eguerdira bitartean, lehen eskutik sorkuntza eta lanak eskaintzeko. Bien bitartean, kiroldegiko igerilekuko puzgarrietan jolasteko aukera izango dute LHko 4, 5 eta 6. mailetakoek. 10:00etan izango da LH4- koen txanda, 11:00etan LH5-ekoena eta 12:00etan LH6-koena.

Arratsaldean haurrek hainbeste esperotako momentua iritsiko da; 18:00etan agertuko dira elizpean Olentzero eta Mari Domingi, txikienak agurtu eta haien gutunak batzeko. Aurtengo Santxibiri lasterketa hilaren 29an ospatuko da. Korrika egiten lehenak umeak izango dira, 11:30ean, eta adinaren araberako ibilbideak izango dituzte aukeran. Ordubete beranduago hasiko da helduena; izen-ematea zabalik dago kirolprobak.com atarian.

2024ari agur eta 2025ari ondo etorri mendian esango zaie, nola ez. Urtezahar egunean Atxaurrutxegaina eta Gongetara egingo da ibilaldia, eta Urteberri egunean Erdella izango da helmuga.

Urtarrilaren 5ean, bestetik, Errege Magoak etorriko dira Elorriora, eta 18:30ean agertuko dira elizpean.

Hitzordu gehiago

Jarraikortasun handiagoko ekintzak ere badaude antolatuta. Adibidez, haur parkea jarriko da Hilario Azkarate frontoian abenduaren 27tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra, goizez eta arratsaldez. Gainera, zabalik egongo dira Iturri Kultur Etxeko bi erakusketak: Ana Herranzen eskultura eta argazkiak erakusketa gelan eta 2025eko egutegirako aurkeztutako argazkiak Udal Liburutegian.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top