DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok lau sari banatuko ditu Gabonetako erakusleihoen lehiaketan

Lehiaketak lau sari biltzen ditu guztira: 1.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, 500 euroko hirugarren saria eta 300 euroko herri-bozketa bidezko sari berezia.

Edizio honetan lau sari banatuko dira
Edizio honetan lau sari banatuko dira

DURANGO | Durangoko Udalak, Dendak Bai merkatari eta ostalarien elkartearekin lankidetzan, 2024ko Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketa jarri du abian, tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren lehiakortasuna sustatzea helburu duen ekimena, eta, aldi berean, erakusleihoen Gabonetako dekorazioan inbertitutako sormena eta ahalegina saritzen ditu.

Durangoko saltoki eta ostalaritza establezimendu guztiek parte hartu ahal izango dute, kalean bertan erakusleiho bat badute. Lehiaketaren gai nagusia “Gabonak” izango da, eta dekorazioak 2024ko abenduaren 9tik 2025eko urtarrilaren 6ra egongo dira jendaurrean ikusgai.

Lehiaketak lau sari biltzen ditu guztira: 1.500 euroko lehen saria, 1.000 euroko bigarren saria, 500 euroko hirugarren saria eta herri-bozketa bidezko 300 euroko sari berezia. Epaimahai espezializatu batek aukeratuko ditu establezimendu irabazleak, eta hiru irizpide nagusitan oinarrituta baloratuko ditu erakusleihoak: dekorazioaren kalitate estetikoa (50 puntu gehienez); produktuaren originaltasuna, asmamena eta sormena (25 puntu gehienez); eta erakusleihoek Durangoko historiarekin eta ikurrekin duten lotura (25 puntu gehienez).

Parte hartzeko eskabideak gaurtik, azaroaren 21etik, abenduaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira, Durangoko Udalaren egoitza elektronikoan: https://egoitza-sede.durango.eus. Salbuespen gisa, bitarteko elektronikoetarako sarbiderik ez duten pertsonek aurrez aurre entregatu ahal izango dute eskaera HAZen bulegoetan (Barrenkale, 17).

Partaidetza-bereizgarri gisa, Udalak egurrezko izar bat emango dio establezimendu bakoitzari, eta erakusleihoan jarri beharko da lehiaketak irauten duen bitartean.

Ekimen honen bidez, Durangoko Udalak eta Dendak Baik tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko konpromisoa sendotzen dute, saltokiak lehiaketan parte hartzera animatuz eta herritarrak egun hauetan herriko kaleak beteko dituzten sormena eta Gabonetako espiritua gozatzera animatuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top