Herritarrek proposatutako seien artean bozkatuena izan da 149 botorekin
ELORRIO | 2025eko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren lehen fasean hautatutako sei proposamenetatik, frontoia eta Aldatsekua inguruak egokitzea izan da proiektu irabazlea. Hala erabaki dute Elorrion erroldatuta dauden 16 urtetik gorako boto-emaileek.
Guztira 539 pertsonak parte hartu dute, eta 514 boto onartu dira; gainerakoak Elorrion erroldatuta ez dauden pertsonak edo 16 urtetik beherakoak dira. Halaber, 541 galdesorta erantzun dira: 186 oinezko teknikarien eta informazio-karparen bidez, 291 online, 62 postontzien bidez eta 2 Adinekoen Zentroan. Emakumeen parte-hartzea handiagoa izan da ( % 57,4) gizonena baino ( % 38,3). Prozesuan erabilitako hizkuntzari dagokionez, % 53,2k euskara erabili du eta % 46,8k gaztelania.
149 elorriarrek babestu dute proiektu irabazlea, boto-emaileen % 29k. Bigarren proiektu bozkatuena Ibarrako espaloiak konpontzea izan da -1. fasea- (131 boto), hirugarrena San Joseko zabuak berritzea eta ingurua egokitzea (68 boto), laugarrena Musika Eskolako eraikinean hobekuntzak egitea (63 boto), bosgarrena Esteibarlandan komun publikoak jartzea eta seigarrena Elizaldeko azpiegiturak hobetzea (47 boto).