Durangarrak 49-70 gailendu zitzaizkion talde nafarrari
SASKIBALOIA | Tabirako Baqueko Lehen Nazional mailako emakumezkoen taldeak Navarro Villoslada hartu zuen mendean (49-70) eta bere hirugarren garaipena lortu zuen bost partidatan.
Nafarren aurkako norgehiagokan, durangarrak nagusi izan ziren hasieratik, 8-25eko emaitzarekin lehen laurdenaren amaieran. Atsedenaldira 27-48ko emaitzarekin iritsi ziren eta aldageletatik igaro ondoren, Antxon Imazek zuzentzen dituen neskek abantaila mantendu zuten +21eko amaierara arte. Nabarmentzekoa da hiruko lerroko portzentaje handia: % 40 (6/15), eta % 83 jaurtiketa libreetan. Erreboteetan, durangarrek 46 errebote hartu zituzten nafarren 31 erreboteen truke.
Banakako estatistikei dagokienez, Miren Arinen 14 puntu eta 8 errebote, Laura Cuestaren 12 puntu eta 7 errebote, Nerea Imazen 10 puntu eta Bineta Saneren 8 puntu eta 10 errebote. Gorane Urainek bederatzi puntu egin zituen. Garaipen honekin, Tabirako laugarren dago sailkapenean eta datorren igandean La Salle hartuko du 12.00etan Landako kiroldegian.