DOT Durangaldea

14.021.900,23 euroko aurrekontua onartu du Ondarroako Udalak

EH Bilduko zinegotziek aldeko bozka eman dute, eta EAJ/PNVkoek, ostera, kontrakoa

Datorren urtean 447.503,16 euro gehiago izango ditu Udalak

ONDARROA | 2027. ekitaldirako 14.021.900,23 euroko aurrekontua onartu du Ondarroako Udalak. 2026rako Udalak onartutako aurrekontuak 13.574.397,07 euroko sarrerak eta beste hainbesteko gastuak jasotzen zituen; beraz, hurrengo ekitaldian 447.503,16 euro gehiago izango ditu Udalak, hau da, % 3,30eko igoera. Urtarrilaren 1erako erabilgarri egongo dira aurrekontuak, iazko bideari jarraituz.

EH Bilduko zinegotziek aldeko bozka eman dute, eta EAJ/PNVkoek, ostera, kontrakoa. Aitor Basterretxea Alberdi bozeramaileak esan du batzordean komentatutakoan berresten dela: gastu orokorra oso handia dela eta pisu handia daukatela, baita ere, diruzaintzako gerakinaren menpe dauden lineek. Inbertsioak jaitsi egin dira aurten. Alkateak ados dagoela esan du, eta neurriak ere hartu beharko direla azpimarratu du. Gaineratu du beste linea batzuetan areagotu dituztela partidak hobekuntzekin jarraitzeko. Gastu orokorrari buruzko kezkarekin bat egin dute biek, eta udal finantzaketa eredua ere aldatu beharreko zerbait dela adierazi du, gastu korrontea jaitsi ahal izateko. Alkateak azpimarratu du iaz EAJk EHBilduri eskatutako konpromisoa bete dutela, aurrekontuak denboraz erakutsi eta elkarrekin lantzearena, baina horrela ere ez dutela nahiko izan, eta hori ez duela ulertzen.

Kontuan hartu behar da Presidentziari dagokion organikoak barne hartzen duela langileriaren kostua ere, besteak beste. Langileriari dagokion kostua osotasunean gastuen lehen kapituluan txertatuta dago eta aurrekontu guztiaren % 44,43 inguruko pisua du. Orohar, udal-zerbitzuen funtzionamendua eta herritarren beharrei erantzuteko jarduera mantentzea da aurrekontu honen oinarrietako bat.

Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak esan du aurrekontu errealistak direla, egungo egoerara zuzen egokitzen direnak. “Denok nahi genuke aurrekontuetan diru gehiago edukitzea, batez ere herriak dauzkan erronka guztiei erantzuteko, baina lehentasunak ipintzea funtsezkoa da. Gure lehentasunak hiru dira: oinarrizko zerbitzuen bermea, zerbitzu publikoak hobetzea eta herria dauzkan erronkei edo gabeziei erantzuten joatea”. “Inbertsioetarako nahi baino diru gutxiago egten da aurrekontuetan, baina horri gerakinetik eta Telesforo Urrestik utzitako akzioen salmentatik jasotako diruekin egingo diegu aurre”. Horretarako, beste erakunde batzuetatik etor daitezkeen dirulaguntzak aztertu eta lortzeko aholkularitza enpresa bat kontratatuko du Udalak 2027an.

2027an egingo diren inbertsio azpimarragarrienak hauek izango dira, esan modura, diru partida desberdinak baliatuz: anexuko aparkalekua eraikitzen hastea 2027ko lehen hiruhilekoan, HAPOren idazketari berregitea, Itsasaurreko jolaslekua estaltzea, 700. urteurreneko ekintza kultural  bereziak antolatzea, Udaltzaingoarentzako bulego berriak eta brigadarentzako aldagela berriak egitea Arrantza Eskola izandakoaren eraikinaren beheko solairuan, Mugikortasun Planaren baitan aparkalekuen azterketa sakona egitea, desfibrilatzaile automatikoa Udaltzaingoaren autoan, Zaldupe udal kiroldegiko spinning gelako bizikletak berriztea, OTA-TAO jartzeko azterketa egitea, Gorozikako bidea asfaltatzea, Artibai Egoitzan aire egokitua instalatzea, Artibai Egoitzako atzealdean dagoen plazatxoa asfaltatzea egoiliarrentzat espazio erosoa izateko… hauetako batzuk EHBilduk eta EAJ/PNVk egindako batzarretan adostutako lanak dira. “Garrantzitsuak dira gure ustez, baita ere, Udalaz gaindiko erakundeei Ondarroatik egiten dizkiegun ekarpenak: gizarte zerbitzuak eta hondakinen kudeaketarako Mankomunitateari edo ekonomia suspertzeko Lea Artibai Fundazioari, esaterako; bigarren honetatik, adibidez, Ondarroako portura jarduera ekonomiko berriak ekartzear gaude, Ekonomi urdina proiektuaren baitan”.

Herriko taldeentzako dirulaguntzak aurten eguneratuko dira, beraz, 2027rak urte horretako partidak bideratuko dira. “Agintaldiko erronketako bat zen dirulaguntzak eguneratzea eta ordaintzea; prozesuaren azken urratsetan gaude eta taldeei esleipenak egiten ari gara dagoeneko. Horiek ordaindutakoan, urtean urtekoak argitaratzeko prest egongo gara 2027an”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top