Azaroaren 27an, Santa Zezili eguna ospatzeko, Lekeitioko Udal Musika Banda berriro ere kontzertuak ematen hasiko da

LEKEITIO | Aritz Lanradorrek (Zornotza, 1997) bere musika ibilbidea Zornotzako Zubiaur Musika Eskolan hasi zuen eta Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga Musika” Kontserbatorioan jarraitu zituen Aitor Amilibiarekin, txistu espezialitatea osatuz. Goi mailako ikasketak Musikenen burutu zituen: txistua irakasle beretsuarekin eta orkestra- eta abesbatza-zuzendaritza Arturo Tamayo, Jon Malaxetxebarria, Margarita Lorenzo eta Basilio Astúlez irakasleekin. Juanjo Mena, Nacho de Paz, Ernest Martínez-Izquierdo edo Ruben Gimeno bezalako maisuen klase magistralak jaso izan ditu.
Zuzendari eta txistulari gisa Felix Ibarrondo, Tomás Aragüés, Antonio Lauzurika, Urtzi Iraizoz, Carlos Villasol, Rodrigo de Santiago, Andrea Mattevi edo Enrique Vázquez bezalako konpositoreen obrak estreinatu ditu. Bestalde, hainbat diskoren grabazioan parte hartu du txistulari gisa, Silboberriren eskutik: “Larre Zabalean: Basque Impressions IV”, “Signature: Felix Ibarrondo”, “Artizadi: Basque impressions V”. Egun, Rodrigo de Santiagoren omenezko CD hirukoitza grabatzen dihardu.
Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzendu izan ditu eta Bilboko Koral Elkarteko “Jesus Guridi” gazte-orkestraren zuzendari lanetan ere aritu da. Donostiako Operako zuzendari musikal laguntzailea izan da Opus, Lirica konpainian, bi denboraldiz. Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) zuzendari-laguntzaile gisa aritu izan da. Bandari dagokionez, Zornotzako Musika Banda berreskuratu zuen 2019.urtean eta hartaz geroztik, beronen zuzendaria da, Areatzako Bandarekin batera. Johan de Meij, Franco Cesarini, Thomas Doss, Jan van der Roost mailako konpositoreekin lan egin izan du Jose Rafael Pascual-Vilaplanak Bilboko Udal Musika Bandarekin emandako ikastaroetan.
Azaroaren 27an, Santa Zezili eguna ospatzeko, Lekeitioko Udal Musika Banda berriro ere kontzertuak ematen hasiko da. Talde eta zuzendari berriarekin, Udal Musika Bandarekin berriro gozatzeko aukera izango dugu Lekeition.


