Ekimenak norberaren hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzera eta euskara noiz eta norekin gehiago erabil daitekeen aztertzera bultzatzen du. Familiako elkarrizketa bat, denda batera sartzean egindako agurra, lagun bati bidalitako mezua edo haur eta gazteekin partekatutako jarduera bat aukera egokiak izan daitezke euskararen presentzia indartzeko. Aisialdiak, kulturak eta sare sozialek ere euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak eskaintzen dituzte, betiere pertsona bakoitzaren ezagutzak, ohiturak eta egoerak kontuan hartuta.
Parte-hartzea errazteko, erronkak hiru konpromiso-maila ditu. Integratu mailak euskara eguneroko une txikietan txertatzea proposatzen du; Lehenetsi mailak euskarari lehentasuna ematea eta lehen aukera bihurtzea du helburu; eta Normalizatu mailak, berriz, euskara naturaltasunez eta ohiko hizkuntza gisa erabiltzea sustatzen du. Hiru maila horiei esker, erronka egoera desberdinetara egokitzen da, bai dagoeneko euskaraz egiten dutenentzat, bai hizkuntza erabiltzen lehen urratsak egiten ari direnentzat. Ekimenak jasotako proposamenez gain, parte-hartzaile bakoitzak bere konpromisoak ere zehaztu ditzake.
Hausnarketatik ekintza partekatura
Galdera bat du abiapuntu erronkak. Zer egin dezake bakoitzak egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko? Hausnarketa horretatik abiatuta, konpromiso zehatzak aukeratu, esteka honen bidez (https://my.liberaforms.org/konpromisoen-kanpaina-1) ekimenean izena eman eta praktikan jartzeko proposamena egiten da. Parte-hartzaileek hartutako konpromisoak ezagutarazi ditzakete, gehienez 30 segundoko audio bat Euskararen Telefonora bidalita, 630 474 332 zenbakira. Telefono horretan ekimenari buruzko zalantzak ere argitzen dira, baita Udaleko Euskara Sailean ere, euskara@durango.eus helbide elektronikoaren bidez.
Banaka zein taldean parte hartu daiteke. Horrez gain, ekimena senideekin, lagunekin eta inguruko pertsonekin partekatzeko proposamena egiten da, haiek ere bat egin dezaten eta, horrela, euskarak eguneroko bizitzan duen presentzia zabaltzen lagun dezaten.
Durangoko Udalak herritar guztiei dei egiten die ekimenean parte hartzera eta norberaren konpromisoak hartzera, euskarak eguneroko harremanetan eta jardueretan gero eta leku handiagoa izan dezan.
Datorren astean emango da ezagutara Euskararen Egunaren bueltan Durangon antolatutako egitaraua.