Ekimenak arreta berezia jartzen du kalean zigarrokinak eta txikleak botatzean eta txakurren gorotzak ez jasotzean

SANTURTZI | Udalak gizabidezko jokaerari buruzko sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du abian, «Etxean egiten ez baduzu, kalean ere ez» lelopean. Kanpaina hau azken urteotan gauzatu den «Keinu Txikiak-Pequeños gestos» izeneko udal-ekimenaren barruan aurkezten da.
Oraingo honetan, jokabide arduratsuak sustatzea eta udalerriko kaleak eta auzoak garbi mantentzen lagundu nahi da, herritarrak eguneroko ekintzek espazio publikoen egoeran eta bizikidetzan duten eraginaz hausnartzera gonbidatuz.
Helburua da pixkanaka ohituretan aldaketa sustatzea, eta horretarako kanpainak arreta berezia jartzen du maiz gertatzen diren eta gizabidezkoak ez diren hiru jokabidetan: txikleak lurrera botatzea, zigarrokinak botatzea eta txakurren gorotzak ez jasotzea.
Itziar Carrocera Santurtziko alkateak adierazi duenez, «Santurtzi garbi eta zainduta egotea hemen bizi garen guztion ardura da. Batzuetan uste izaten dugu zigarrokinak eta txikle bat botatzea edo gure txakurraren gorotzak ez jasotzea garrantzirik gabeko kontuak direla, baina, hain zuzen ere, jokabide txiki horiek dira gure kaleen egoera aldatzen dutenak. Kanpaina honen bidez azken urteotan “Keinu txikiak” lelopean egindako lana sendotu nahi dugu eta horren bidez, gogoratu nahi dugu denontzako espazioak gure etxea zainduko genukeen ardura berarekin zaindu behar ditugula.
Sentsibilizazioa ikasgeletan hasiko da
Kanpainaren lehen fasea azaroaren bigarren hamabostaldian gauzatuko da Santurtziko ikastetxeetan, eta adin-tarte bakoitzera egokitutako jarduerak eskainiko dira, euskaraz eta gazteleraz, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte.
Proposamenen artean, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ipuin-kontalari saio bat egingo da. Bertako protagonista Itsaskale izango da, txikleak eta txakurren gorozkiak itsasten zaizkion pertsonajea. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, «Misio Sekretua» izeneko ihes-gelan parte hartu ahal izango dute. Bertan, asmakizunak eta lankidetza-erronkak uztartuko dira, espazio publikoen zaintzaren inguruan sentsibilizatzeko.
Bestalde, DBHko eta Batxilergoko ikasleek kartel- eta lelo-lehiaketetan parte hartu ahal izango dute, hurrenez hurren, kaleak eta denon espazioak garbi mantentzearen garrantzia zabaltzeko. Lehiaketen irabazleak abenduko lehen astean jakinaraziko dira, eta aste batez Santurtziko autobus-geltokietako markesinetan jarriko dira ikusgai.
Familia oso berezia
Bigarren fasean, mezua herritar guztiei helaraziko zaie komunikazio-kanpaina baten bidez. Horretarako, hainbat bide erabiliko dira, besteak beste, udalaren sare sozialak, komunikabideetako publizitate-guneak eta bestelako euskarriak.
Hedapen-lan hori osatzeko, antzerki bidezko esku-hartzeak egingo dira udalerriko hainbat gunetan, mezua zuzenean kalera eramateko. Horretarako, lau kideko familia bat protagonista izango duen antzezlan ibiltaria prestatu da, eta udalerriko toki batzuetan egoera komiko eta harrigarriak antzeztuko ditu.
Ekimena azaroan zehar egingo da, ostegun, ostiral eta larunbatetan, euskaraz zein gaztelaniaz, jende gehien biltzen den ordutegietan. Helburua arreta piztea, irribarrea eragitea eta, batez ere, hausnarketarako gonbita egitea izango da. Eguneroko egoera txikiak muturreraino eramanez, herritarrak jokabide desegoki jakin batzuez hausnartzera bultzatuko ditu, eta portaera horiek gure etxe barruan gertatuko balira nola ikusiko genituzkeen pentsatzera gonbidatuko ditu.
Ekintzek irauten duten bitartean, kanpainari buruzko informazio-orriak ere banatuko da.


