DOT Durangaldea

Elorrioko 49. ziklo-krosak 800 txirrindulari inguru bildu nahi ditu

Azaroaren 28an eta 29an jokatuko dute proba, San Jose inguruko landetan

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat zirkuituaren luzapena izango da

ELORRIO | Elorrioko ziklo-krosak 49. edizioa izango du azaroaren 28an eta 29an, San Jose inguruko landetan. Antolatzaileek 800 txirrindulari inguru batzea espero dute, oinarrizko mailetako zein goi-mailako lehiakideen parte-hartzearekin. Probaren aurkezpena Solatxu baserrian egin zuten, ziklo-krosaren historiarekin lotutako hainbat txirrindulari eta lagun bilduta.

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat zirkuituaren luzapena izango da: aurreko edizioetan baino 600 metro gehiago izango ditu, 2,4 kilometro guztira. Antolatzaileen arabera, aldaketak lehenengo doazenei azkenengoei itzulia kentzea zailduko die, eta, horrenbestez, ikusgarritasuna handituko du. Gainera, materialaren bi kontrol-guneak modu orekatuagoan kokatzeko aukera emango du.

Zapatuan, gazteen eta txirrindularitza eskolen txanda izango da. Lasterketak 15:00ak inguruan hasiko dira, mailaz maila. Domekan, berriz, kadeteetatik masterretara arteko kategoriek hartuko dute erreleboa. Master 40, 50 eta 60 mailakoak 09:15ean irtengo dira; kadeteak, 10:15ean; eta juniorrak, 11:15ean. Elite, 23 urtez azpiko eta Master 30 kategorietako proba bateratua 12:15ean hasiko da.

Bi egunetan Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan. Horrez gain, domekako lasterketak Euskadiko Federazioaren Ziklo-kros Koparako puntuagarriak izango dira.

Aurkezpenean parte hartu duten Jonathan Lastra eta Alicia González txirrindulari profesionalak irteera puntuan izango dira. Emakumeen artean, Mirari Gotxi amurrioarra ere garaipenerako hautagaien artean dago. Gizonezkoetan, Aitor Hernandez nabarmendu dute, aurreko asteburuan Zornotzako ziklo-krosa irabazi ostean. Unax Galan eta Arkaitz Suso ere aurreko postuetan ibiltzeko aukera duten txirrindularien artean daude.

Beste kategoriei dagokienez, Mikel Esteibarlanda elorriarra Master 50 mailako hautagaien artean dago. Kadeteetan, berriz, Cafe Dromedario-Flotamet taldeko Enar Kortabarriaren izena aipatu dute.

Antolatzaileek lehia irekia espero dute, eta eguraldiak eragin handia izan dezakeela uste dute. Ibilbidea lokaztuta badago, Aitor Hernandez bezalako espezialistek abantaila izan dezakete; lurra lehor badago, ordea, lehia orekatuagoa izan daiteke, eta Jonathan Lastra bezalako txirrindulariek aukera gehiago izan ditzakete.

Domekako jardunaldian, gainera, Jose Maria Gonzalez Perez txirrindulari ohia omenduko dute, sari-banaketa hasi aurretik. Bere ibilbide profesionalean La Casera-Bahamontes bezalako taldeetan aritu zen, Espainiako txapelduna izan zen eta munduko txapelketan zortzigarren postua eskuratu zuen.

Solatxu baserrian egindako aurkezpenak ia bost hamarkadako historiari errepasoa egiteko aukera ere eman zuen, bizipenak, pasadizoak eta oroitzapenak partekatuz. Besteak beste, Julene Lazkano, Beñat Cuadrado, Zugaitz Ayuso, Julian Gorospe, Alberto Leanizbarrutia, Jonathan Lastra, Alicia Gonzalez eta Aitor Etxaniz izan ziren bertan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top