DOT Durangaldea

Urduñak Gabonak ospatzeko egitarau zabala prestatu du, publiko guztientzako jarduerekin

Berrikuntza nagusia Urduñako Gabonetako Azoka izango da, abenduaren 5ean

Gabonetako giroz beteko da abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra bitartean

URDUÑA | Gabonetako giroz beteko da abenduaren 5etik urtarrilaren 6ra bitartean. Udalak adin eta publiko guztientzako egitarau zabala prestatu du, azokak, musika, kultura, kirola eta herriko tradizioak uztartuz. Aurtengo berrikuntza nagusia Urduñako Gabonetako Azoka izango da, abenduaren 5ean egingo dena.

Lehen hitzordua abenduaren 5ean izango da, larunbatarekin. Foru plazan, goizean zehar, baserritarren ohiko azoka egingo da, eta Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra eta intxaursaltsa zein ardo beroa dastatzeko aukera ere izango dira. Aldi berean, hiriko merkatarien Gabonetako Azokak lehen aldiz hartuko du lekua, Iñaki Plazaren musikak girotuta.

“Abendu honetan gure hiriak ekitaldiz betetako Gabonak bizi ditzan nahi dugu, kalera irtetera, familian denbora partekatzera eta gure tradizioak bizirik mantentzera gonbidatuko dutenak”, adierazi du Iker Santocildes alkateak.

Egitarauak abenduaren 10ean jarraituko du, liburutegian egingo den Olentzeroren txapela ipuin-kontalariarekin, 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Hurrengo egunean, abenduaren 11n, Gabonetako Bertso Saioa izango da Foru plazan, 18:30ean.

Txikienek abenduaren 13an izango dute beste hitzordu berezi bat: Mari Domingiren etxera egingo den irteera. Parte-hartzaileak 10:00etan abiatuko dira Foru plazatik.

Abenduaren 18an, Peña la Barcak urtero antolatzen duen odoloste-jan herrikoia egingo da, 19:30ean. Ordu berean, Bihotza Konpartsako buruhandiak Foru plazan ibiliko dira. Hurrengo egunean, hilaren 19an, baserritarren azoka egingo da berriro, 10:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, Bilboko Ganbera Abesbatzak eta Orkestrak kontzertua eskainiko dute Familia Santuaren elizan.

Gabonetako alardeak ere ez du hutsik egingo: abenduaren 20an egingo da pilotalekuan. Hilaren 23an, berriz, Alondegiko marrazki-erakusketa inauguratuko dute, Asier Kidamen magia-ikuskizuna izango da 17:00etan, eta Bedarbideren Gabonetako saskiaren zozketa 19:00etan.

Abenduaren 24an, Santa Zezilia musika-bandaren kalejirak girotuko ditu hiriko kaleak eta auzoak goizean. Arratsaldean, Olentzerok eta Mari Domingik agerraldi berezia egingo dute Antiguako pasealekuan.

Abenduaren 26tik 31ra bitartean, hainbat jarduera izango dira: Urtezahar aurreratua, Gabonetako bola-joko txapelketa, ohiko Gabonetako kontzertua, bingo berezia, Txarlazorako urte amaierako igoera herrikoia eta San Silvestre lasterketa.

Etxeko txikienek, gainera, Gabonetako haur-parkeaz gozatzeko aukera izango dute pilotalekuan, abenduaren 29tik 31ra. Ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da. Bestalde, 6 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteentzat ihes-gela antolatuko dute abenduaren 26an, 18:00etan, frontoian. Gehienez 25 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Errege Magoak…

2027ko lehen egunetan ere izango dira hitzordu bereziak. Errege Magoak urtarrilaren 3an iritsiko dira Foru plazara, 12:00etan, haurrek beren nahiak eta ametsak helaraz diezazkieten. Arratsaldean, haurrentzako zinema-saioa egingo dute Alondegian, eta Jubilatuen Gizarte Etxeak txokolatada eta dantzaldia antolatuko ditu.

Kirolak ere protagonismoa izango du urtarrilaren 4an, saskibaloi-joko eta txapelketa txikiekin eta Santi Zubiren XV. Memorialarekin. Errege Magoen kabalgata urtarrilaren 5ean egingo da, Santa Zezilia musika-bandak lagunduta. Foru plazara iristean, opariak banatuko dizkiete haurrei. Egitaraua urtarrilaren 6an amaituko da, Errege Eguneko kalejirarekin, hiriko auzoetan barrena.

Gabonetako lehiaketak

Gabonetako giroa erakusleihoetara, balkoietara eta fatxadetara ere zabalduko da, Urduña Bizi merkatarien elkarteak antolatutako apainketa-lehiaketen bidez. Saltokiek, ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduek, partikularrek eta auzokideen komunitateek azaroaren 30era arte eman ahal izango dute izena. Apaingarriak abenduaren 9tik urtarrilaren 5era egongo dira ikusgai, eta herritarrek epe horretan bozkatu ahal izango dituzte gustukoenak.

Urduña Bizik, gainera, 3.000 eurotik gorako balioa duen Gabonetako saski bat zozkatuko du urtarrilaren 5ean, Errege Magoen kabalgatan. Parte hartzen duten establezimenduek produktu bana jarriko dute saskian, eta datozen egunetan erosketak egiten dituzten herritarren artean egingo da zozketa.

Beste proposamen gastronomiko bat ere jarriko dute martxan: Zaporeen Ibilbidea, abenduaren 4tik aurrera hiriko taberna, jatetxe eta dendetan. Urduña Ferrero Rocher markaren Juntos Brillamos Más lehiaketan aurrera egiten ari denez, parte hartzen duten establezimenduek bonboi horien osagairen bat —hurra, txokolatea edo barkilloa— erabiliko dute beren proposamenetan. Dastatzen dituzten herritarrek abenduaren 13ra arte bozkatu ahal izango dute gustukoena.

Urduña Bizi elkartearen webgunean kontsultatu ahal izango dira kanpainaren xehetasunak, jardueren informazioa, lehiaketen oinarriak, izena emateko moduak eta bozketa-sistemak.

Udalak eskerrak eman dizkie kultur eta kirol elkarteei egitarauan parte hartzeagatik, baita Urduña Bizi elkarteari ere, Gabonetako programazioan egindako ekarpenagatik.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top