Egitarauak proiekzioak, hitzaldiak eta urteko batzarra bilduko ditu

ELORRIO | 2026ko Mendi Astearen edizio berri bat ospatuko du azaroaren 16tik 19ra, mendizaletasuna, eskalada eta natura ardatz dituzten ikus-entzunezko proiekzioekin eta solasaldiekin. Jarduerak herriko hainbat gunetan egingo dituzte. Horrez gain, azaroaren 16tik 28ra, Iturri Kultur Etxeak emakume mendizaleen ibilbideari buruzko erakusketa hartuko du.
Egitaraua azaroaren 16an, astelehenean, hasiko da, 19:00etan, Iturri Kultur Etxean, Ekaitz Maizen Amaiurko bidea ikus-entzunezkoarekin. Indiako Himalaian dagoen Ladakh eskualdea esploratzera joandako euskal mendizale talde baten espedizioa jasotzen du lanak. Horma eta mendi birjinak bilatu eta eskalatzeko egindako bidaian bizitako esperientziak eta emozioak erakusten ditu.
Azaroaren 17an, asteartean, 19:00etan, Gaztetxean, Javier López Pagazaurtunduaren Javier y la Montaña proiektatuko dute. Lanak Everesten oinarrizko kanpalekura oinez iristeko egindako erronka kontatzen du. Urbegi Fundazioaren ‘Lo Imposible’ sarietako bat jaso ondoren, Javierrek bere ametsetako bat betetzeko aukera izan zuen: munduko mendirik garaienetako baten ingurua bertatik ezagutzea eta, bide batez, garun-paralisia eta bestelako desgaitasunak dituzten pertsonei ikusgarritasuna ematea.
Memoria eta natura
Azaroaren 18an, asteazkenean, 19:00etan, Iturri Kultur Etxean, Pedro L. Sanchezen Ecos de Atxarte – Voz y Silencio dokumentala eskainiko dute. 1990 eta 1994 artean Urkiolako Parke Naturala sortzeko dekretuan jasotakoa betetzeko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerak eta aldarrikapenak ditu ardatz. Erreklamazio horiek bultzatzeko egindako mobilizazioak ere jasotzen ditu, tartean manifestazioak eta Rontegin zein Hamakan egindako ekintzak. Dokumentalak gertakari horien eta gaurkotasuna duten beste batzuen inguruan hausnartzeko eta norberaren iritzia osatzeko elementuak eskaini nahi ditu.
Egitarauaren barruan, Mai Arboniesen INDÓMITAS. Mujeres, río y montaña hitzaldia ere dago. Iturri Kultur Etxean egingo dute, 19:00etan. Ur bizietako gida gisa duen esperientzia pertsonal eta profesionaletik abiatuta, kirolarekiko pasioaz, naturaz eta mugak gainditzeaz hitz egingo du Arboniesek. Norberaren bidea aukeratzeko eta askatasunez eraikitzeko ausardia aldarrikatuko du.
Egitaraua urteko batzarrarekin amaituko da, Kirol Etxean, 18:00etan.
Erakusketa
Bestalde, Iturri Kultur Etxean Gailurretan izan gaitun / Nos queremos en las cimas erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 16tik 28ra. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak (FNDME) prestatu zuen erakusketa, Euskal Mendi Museoaren (EMMOA) laguntzarekin, eta museoari utzi zion.
Panelen bidez, 1924tik 2024ra bitarteko euskal emakume mendizaleen historia jasotzen du erakusketak: mendizale, alpinista eta eskalatzaileen ibilbidea, lau etapatan banatuta. 2024tik, erakusketa Euskal Herriko hainbat tokitan ari da ibiltzen.


