Naia Puente izan zen etxeko taldeko saskiratzaile nagusia, 16 punturekin

SASKIBALOIA | Tabirakoko Emakumezkoen Lehen Maila Nazionaleko taldeak ezin izan zuen garaipena lortu joan den larunbatean Durangon. Etxekoek 63-76 galdu zuten San Ignacio Premoren aurka, ligako bigarren sailkatuaren kontra, eta hiru garaipen eta bi porroteko balantzea dute orain.
Erronka zaila zuten durangarrek aurrean. Izan ere, aurreko denboraldiko Ligako Final Fourrean garaitu zituen talde bera izan zuten aurkari. Nafarrak indartsu hasi ziren, eta lehen laurdena 16-23ko emaitzarekin amaitu zuten.
Bigarren laurdenean, Tabirakok erreakzionatu eta aldea murriztea lortu zuen, baina bisitariek markagailuan aurretik jarraitu zuten. Atsedenaldira 36-42ko emaitzarekin iritsi ziren bi taldeak. Aldageletatik bueltan ere lehia parekatua izan zen, eta etxekoak bost puntura gerturatu ziren azken laurdenaren atarian (56-61).
Azken laurdenean, ordea, San Ignacio Premok estutu egin zuen defentsan, eta Tabirako zazpi puntura mugatu zuen. Horrela, garaipena eskuratu zuten nafarrek, 63-76ko emaitzarekin.
Banakako jardunari dagokionez, Naia Puente izan zen Tabirakoko saskiratzaile nagusia, 16 puntu eta sei errebote lortuta. Elene Sarasua ere nabarmendu zen, 15 puntu eta hiru erreboterekin; Bineta Sanek 10 puntu eta zazpi errebote batu zituen, eta Nerea Imazek beste 10 puntu egin zituen.
Hurrengo hitzordua
Durangarrek garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira larunbat honetan, azaroaren 14an, 16:00etan, CB Araba taldearen kantxan. Gasteizko taldea sailkapeneko azken postuan dago, garaipen bakarrarekin.


