Aurkezturiko hogeita zazpi lanen artean, “Leiho bat gehiago” izenekoa hautatu du epaimahaiak

ONDARROA | Aurkezturiko hogeita zazpi lanen artean, “Leiho bat gehiago” izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta horrenbestez Juan Mari Aguirreurretak eroango du zortzi mila euroko saria, baita bere nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu ere, hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan. Saria azaroaren 5ean emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztuko da iazko proposamen irabazlearen emaitza, Ekaitz Herreraren “Neguberria” eleberria.
“Leiho bat gehiago” nobelak Joseba aurkezten digu, aski gazte dela gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatzen diotena, baina, etsipenean jausi ordez, bere bizitzako azken fasea modu sakon, kontziente eta duinean bizitzea erabakitzen duena. Bere kezka ez da bakarrik bidea nola amaitu, baizik nola utzi oroitzapen eta aztarna bere bi seme txikiengan.
Gaiak kutsu dramatikoa izan arren, epaimahaiak, besteak beste, lanari darizkion umorea eta goxotasuna azpimarratu ditu, idazkera dotorea, hausnarketarako aldartea, kultur erreferentzien ugaritasun eta egokitasuna, narratzaile desberdinen arteko ahots kontrastea eta baita argumentuan proposatutako egitura jolastia ere.
Juan Mari Aguirreurreta Pasai Donibanen jaio zen 1977an eta Aretxabaletan bizi da gaur egun. Euskal Filologian lizentziatua eta Filosofian doktorea da Jean-Paul Sartreri buruzko tesi batekin. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat idazle euskaratu ditu: Sartre bera, Victor Hugo, Tomas Tranströmer. Proiektua amaitzean, hauxe izango du sorkuntzazko lehenengo liburua.
Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:
-2010ean Joxean Agirre: “Zwei Frauen (Bi emakume)”
-2011n Itxaso Araque: “Damutzen ez direnak”
-2012an Garbiñe Ubeda: “Hobe isilik”
-2013an Garazi Kamio: “Orube abandonatuak”
-2014an Jasone Osoro: “12etan bermuta”
-2015ean Miren Gorrotxategi: “33 ezkil
-2016an Katixa Agirre: “Amek ez dute”
-2017an Xabier Etxeberria: “Berriro itzuliko balitz”
-2018an Eneko Barberena: “Afrikanerrak”
-2019an Idoia Garzes: “Mendiko gaitza”
-2020an Lander Garro: “Faith”
-2021ean Mikel Alvarez Sarriegi: “Euskalia”
-2022an Patxi Zubizarreta: “Loak ezkutatzen duena”
-2023an Karmele Mitxelena: “Zoriona, edo antzeko zerbait” eta Goio Ramos: “London Calling”
-2024an, Julen Apella, “Sakelako bihotzak”
-2025ean, Ekaitz Herrera, “Neguberria”


