2022tik 47 salaketa jarri dituzte Gorbeia eta Urkiolako parke naturaletan txakurrak solte eramateagatik; horietatik 12, 2026an

ABADIÑO | Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazi du derrigorrezkoa dela txakurrak lotuta eramatea Gorbeia eta Urkiolako parke naturaletan, bereziki abereak bazkatzen diren eremuetan. Neurriaren helburua da aziendari eta fauna basatiari kalterik ez eragitea, baita animalien arteko arrisku-egoerak saihestea ere.
Foru erakundearen arabera, solte dabiltzan txakurrek abereak izutu, atzetik jarraitu edo eraso egin ditzakete, eta horrek zauriak eta bestelako kalteak eragin diezazkieke abeltzaintza-ustiategiei. Gainera, naturagune babestuetan bizi diren espezie basatien portaeran ere eragina izan dezakete.
Aldundiak ohartarazi du, halaber, larre-eremuetan abere-taldeak babesteko mastinak egon daitezkeela. Horregatik, solte dabiltzan konpainia-txakurrek animalien arteko liskarrak eragin ditzakete.
47 salaketa 2022tik
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zaintzak eta Ertzaintzak 2022tik egiten dituzte kontrolak Gorbeia eta Urkiolako parke naturaletan, araudia betetzen dela bermatzeko. Ordutik, 47 salaketa erregistratu dituzte txakurrak solte eramateagatik.
Urtez urte, honako hauek izan dira salaketa kopuruak: bat 2022an, bi 2023an, hamar 2024an eta 22 2025ean. 2026an, urriaren 20ra arte, beste 12 salaketa jarri dituzte.
Kontrolak, batez ere, asteburuetan egiten dituzte, orduan joaten baita bisitari gehien naturagune horietara. Aurten, gainera, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundietako Ingurumen Zaintzako zerbitzuek eta Ertzaintzak elkarlanean jardun dute Gorbeiako Parke Naturalaren bi lurraldeetako sarbideetan.
Parke naturaletako erabilera-arauak mugatu egiten du txakurrak solte ibiltzeko aukera, bereziki atsedenlekuetan eta azienda dagoen larreetan. Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legeak ere arau-haustetzat jotzen du naturagune babestuetan txakurrekin uhalik gabe ibiltzea, berariaz baimendutako leku edo uneetan izan ezik.
Arau-hauste horiek 200 eta 3.000 euro arteko isunak ekar ditzakete.
Foru Aldundiak naturagune horietara joaten diren herritarrei araudia betetzeko eta txakurrak lotuta eramateko eskatu die, aziendari eta fauna basatiari eragozpenik edo kalterik ez eragiteko. Helburua da bisitari guztiek Bizkaiko naturaguneez gozatu ahal izatea, natura errespetatuz.


