Proiektuak 2 kilometroko saihesbidea, Errotabarri eta San Lorentzo ordezkatuko dituen geltoki berria eta bi trenbide-pasagune kentzea aurreikusten du

ERMUA / EIBAR. Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailari pidatzia, urrats garrantzitsua eman du Bilbo-Donostia linearen azpiegitura modernizatzeko. Erakundeak Ermuko geltokiaren eta Eibarko Unibertsitateko geralekuaren arteko trenbide-saihesbidearen informazio-azterlana idazteko lana esleitu du.
Lan hauek Dair Ingenieros S.L. enpresak egingo ditu, 560.016,10 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko egikaritze-epearekin.
Geltoki integratu berria
Aztergaia den tartea lineako 44+830 eta 46+700 kilometro-puntuen artean kokatzen da. Gaur egun, zati honek muga handiak ditu trenbide bakarra izateagatik, bi trenbide-pasagune egoteagatik eta elkarrengandik oso gertu dauden bi geraleku izateagatik, eta horrek guztiak ustiapenaren maiztasuna, segurtasuna eta hiri-integrazioa baldintzatzen ditu.
Informazio-azterlanak honako jarduketa nagusi hauek gauzatzeko alternatibarik onenak zehaztuko ditu:
-
Trenbidea bikoiztea: 2 kilometroko luzera duen trazatu berria eta bikoitza diseinatzea.
-
Geltoki bateratu berria: Errotabarriko eta San Lorentzoko egungo geralekuak ordezkatuko dituen geltoki bakarra eraikitzea.
-
Bi pasagune kentzea: San Lorentzoko ibilgailuen pasagune automatizatua eta Errotabarriko oinezkoen pasagunea baliogabetzea, segurtasuna indartzeko eta herriaren iragazkortasuna hobetzeko.
Erronka geoteknikoa eta orografikoa
Ermuko hiri-garapen handiak eta orografia konplexuak azterketa sakona eskatzen dute. Hori dela eta, ingeniaritza-lanak korridorearen azterketa geologiko zehatza, ustiapenaren analisi funtzionala eta eragindako zerbitzu publikoak berrezartzeko proposamenak jaso beharko ditu.
Proiektu honi esker, Euskotrenen zerbitzuak segurtasuna irabaziko du, bidaia-denborak murriztuko dira eta ezaugarri tekniko hobeak lortuko dira Durangaldea eta Debabarrena lotzen dituen ardatz nagusian.


