DOT Durangaldea

Urduña mendira aterako da igandean, XXI. Urduñako Mendi Martxaren eskutik

Txarlazo Mendi Taldeak antolatutako hitzorduak hiru ibilbide eskainiko ditu, adin eta maila guztietara egokituta

Irteera igande honetan izango da

URDUÑA | Urduña mendira aterako da datorren igandean, urriaren 11n, XXI. Urduñako Mendi Martxarekin. Txarlazo Mendi Taldeak urtero antolatzen duen hitzordua dagoeneko hiriko egutegian errotutako ekitaldia da, eta aurten ere kirola, natura eta lagunarteko giroa uztartuko ditu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioak hiru ibilbide izango ditu: luzea, motza eta familientzakoa. Horrela, adin eta maila ezberdinetako parte-hartzaileek euren neurriko ibilbidea aukeratu ahal izango dute.

Foru Plaza izango da martxaren abiapuntua, eta bertan eman ahal izango da izena igandean bertan, 07:30etik aurrera.

Ibilbide luzea izango da abiatzen lehena, 08:00etan. Parte-hartzaileek 24,74 kilometroko ibilbidea eta 974 metroko desnibela gainditu beharko dituzte. Ibilbidean zehar, gainera, jan-edan gune bat izango dute Balcon de Ruben inguruan.

10:00etan abiatuko da ibilbide motza, 11,83 kilometrokoa eta 264 metroko desnibelekoa. Azkenik, 11:00etan hasiko da familientzako martxa. Ibilbide honek 6,74 kilometro eta 44 metroko desnibela izango ditu, eta umeek zein helduek elkarrekin naturaz gozatzeko aukera izango dute.

Izen-ematearen prezioa 5 eurokoa izango da ibilbide luzean, 3 eurokoa motzean eta euro batekoa familientzako ibilbidean. Jardunaldiaren amaieran, gainera, hainbat opariren zozketa egingo da parte-hartzaileen artean.

Mendia ezagutzeko hilabetea

Mendi martxaz gain, Txarlazo Mendi Taldeak eta Urduñako Udalak hainbat jarduera antolatu dituzte urrirako, “Mendiaren hilabetea” egitasmoaren barruan. Ekimenaren helburua da herritarrak Urduñako mendien, historiaren eta natura-ondarearen inguruan gehiago ezagutzeko eta hausnartzeko gonbita egitea.

Besteak beste, Txarlazo Mendi Taldearen historiari buruzko argazki-erakusketa dago ikusgai Alondegian, urriaren 18ra arte.

Egitarauaren barruan, gainera, Iñaki García Uribek hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Gorbeiako Gurutzearen 125. urteurrenari buruz. Urriaren 14an, berriz, ordu eta leku berean, Juanjo Hidalgok ‘Txaulas y txabolas. Construir para la necesidad’ hitzaldia emango du, Gorobel inguruko artzaintzari lotutako eraikuntza tradizionalen inguruan.

Horrela, Urduñak mendia izango du protagonista urrian, kirola eta aisialdia ez ezik, udalerriak bere natur ingurunearekin duen lotura eta mendizaletasunaren historia ere aldarrikatuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top