DOT Durangaldea

Durangok indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa eta arreta indartuko ditu jaietan

Puntu Morea Ezkurdi plazan egongo da urriaren 9an, 10ean, 11n, 12an, 16an eta 17an, 21:00etatik 03:00etara, eta 747 459 584 telefono-zerbitzu espezifikoa ere egongo da

Protokoloa prestatzeko prozesua 2025eko maiatzean hasi zen

DURANGO | Sanfaustoak iristearekin batera, Durangok berriro ere berdintasuna, errespetua eta pertsona guztiek jaiak askatasunez eta segurtasunez gozatzeko duten eskubidea jarri ditu erdigunean. Helburua da jai-gunea inklusiboa eta abegikorra izatea eta, indarkeria matxistako edozein egoeraren aurrean, bai hori jasaten duen pertsonak, bai egoera ikusi edo horren berri izan dezaketenek nola jokatu eta nora jo jakitea.

Testuinguru horretan, Durangoko Udalak 2025etik du Indarkeria Matxistaren aurrean Prebenitzeko eta Jarduteko Udal Protokoloa, “DuranGOAZEN, jaiak ASKE disfrutatzera!”, Udaleko Indarkeria Matxistaren Unitateak sustatua.

Protokoloa prestatzeko prozesua 2025eko maiatzean hasi zen, herriko hainbat eragilerekin batera egindako parte-hartze prozesu baten bidez. Xedea da jarduteko esparru komun bat ezartzea, indarkeria matxistako egoerak prebenitzeko eta, jaietan gertatzen direnean, erantzun egokia, espezializatua eta koordinatua emateko.

Protokoloak indarkeria matxistaren ikuspegi zabala hartzen du oinarri, eta emakumeen aurka erabiltzen diren indarkeria mota guztiak ez ezik, genero-rolekin eta ohiko genero-ereduekin bat ez datozen pertsonen aurkako indarkeriak ere jasotzen ditu, LGTBI-fobiako indarkeriak barne.

Erantzun koordinatua jaietan

Prebentzioak leku nagusia du “DuranGOAZEN, jaiak ASKE disfrutatzera!” protokoloan. Protokoloak gogorarazten du berdintasuna jai-gunea partekatzeko moduan, pertsonen arteko harremanetan eta jokabide matxista, diskriminatzaile edo beldurgarriei ematen zaien erantzunean ere eraikitzen dela. Horrelako jarrerak ez normalizatzea eta indarkeria-egoera baten aurrean nola jokatu jakitea erantzukizun partekatuaren parte da.

Balizko eraso baten aurrean, kaltetutako pertsona entzutea eta sinestea, arriskutik kanpo dagoela egiaztatzea, bakarrik ez uztea, haren erabakiak errespetatzea eta eskura dituen baliabideen berri ematea gomendatzen da. Berehalako arriskurik badago, 112ra deitu beharko da.

Sanfaustoetan, Udalak indarkeria matxistako egoeren aurrean arreta emateko bi baliabide espezifiko jarriko ditu herritarren eskura.

Lehenengoa Puntu Morea izango da, informaziorako, prebentziorako eta arretarako gunea. Indarkeria matxistan espezializatutako bi hezitzailek artatuko dute, ikuspegi feministarekin eta udal-protokoloa ezagututa. Ezkurdi plazan egongo da urriaren 9an, 10ean, 11n, 12an, 16an eta 17an, 21:00etatik 03:00etara.

Baliabide horretara indarkeria matxistako egoera bat jasan duten pertsonak ez ezik, halako egoeraren bat ikusi dutenak, horren berri izan dutenak edo nola jokatu behar duten jakiteko orientazioa behar dutenek ere jo dezakete.

Horrez gain, egun horietan bertan 747 459 584 arreta-telefonoa izango da erabilgarri, eta indarkeria matxistan adituak diren bi profesionalek artatuko dute. Zerbitzuak 21:00etatik 08:00etara funtzionatuko du, eta, horrela, arreta Puntu Morearen aurrez aurreko ordutegitik harago luzatuko da.

Bestalde, urriaren 13an, 14an eta 15ean, informazioa, orientazioa edo arreta behar duten pertsonek Udaleko Indarkeria Matxistaren Unitatearekin harremanetan jar daitezke 618 791 333 telefono zenbakiaren bidez. Gainera, indarkeria matxistaren arretarako udal-baliabideek ohiko moduan jarraituko dute eskuragarri.

Protokoloaren helburu nagusietako bat da, halaber, jaietan eraso baten berri izan dezaketen edo halako egoera baten aurrean esku har dezaketen eragileen arteko erantzun koordinatua bermatzea. Horregatik, “DuranGOAZEN, jaiak ASKE disfrutatzera!” ekimenari, eskuragarri dauden baliabideei eta jarduteko jarraibideei buruzko informazioa Udaltzaingoari, Txosna Batzordeari, mugimendu feministari eta Durangoko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduei helarazi zaie.

 

Era berean, herritarrek eskura dituzten baliabideak ezagutzea errazteko eta sentsibilizazioa eta prebentzioa indartzeko, hainbat informazio-material prestatu dira. Horien artean daude arreta-zerbitzuei buruzko informazioa jasotzen duten txartelak, jaietan erabilgarri egongo den telefono-zenbakia duten eskumuturrekoak eta Sanfaustoetako logotipoa eta leloa dituzten txapak.

Material horiek Puntu Morean egongo dira eskuragarri, eta ostalaritza-establezimenduetan ere txartel informatiboak, pultserak eta txapak banatuko dira. Bestalde, Durangoko saltokiek protokoloari buruzko kartelak eta informazioa formatu digitalean jaso dituzte, Dendak Bairen laguntzarekin. Horrela, kanpainaren irismena zabaldu eta herritarrek eskuragarri dauden baliabideak eta laguntza edo orientazioa non eskatu dezaketen errazago ezagutzea sustatu nahi da.

Jesica Ruiz Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez, “DuranGOAZEN, jaiak ASKE disfrutatzera! ekimenarekin eta jaietan martxan jarriko ditugun baliabide guztiekin, Sanfaustoak jai seguruak, berdinzaleak eta indarkeria matxistarik gabekoak izatea nahi dugu. Horretarako, funtsezkoa da prebentzioa indartzea, arreta espezializatua bermatzea eta udalerriko eragileekin modu koordinatuan lan egitea”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top