Osoko Bilkuran aurkeztutako mozioak udal talde guztien (EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ-PNV, PSE-EE eta Auzokideen Alternatiba) babesa izan zuen

SOPELA | Astelehen honetan egindako iraileko ohiko Osoko Bilkuran, Sopelako Udalbatzak aho batez onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiari Uribe Kosta eta EHUko Leioako campusa lotzen dituen Bizkaibus zerbitzuan, bereziki A2166 linean, premiazko neurriak har ditzala eskatzeko mozioa. Ekimenak udal talde guztien aldeko botoak jaso zituen: EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ-PNV, PSE-EE eta Auzokideen Alternatiba.
Udala hainbat auzotarren eta unibertsitateko ikasleen kexen jakitun da; izan ere, eskari handiko ordutegietan autobusek beren edukiera osatzen dute udalerriko azken geltokietara iritsi baino lehen —bereziki Larrabasterran—, eta erabiltzaile asko zerbitzurik gabe eta klaseak galtzeko arriskuan geratzen dira.
Onartutako akordioaren bidez, Sopelako Udalak honako hau eskatu dio Aldundiari eta Bizkaibusi:
- A2166 linearen saturazio-egoera premiaz aztertzea.
- Beharrezko neurriak berehala hartzea, erabiltzaileek udalerriko geraleku guztietan lineara sartzeko aukera bermatzeko.
- Garraio-eskaintza indartzea, maiztasunak handituz, errefortzu-zerbitzuak jarriz edo edukiera handiagoko ibilgailuak erabiliz
- Etengabeko elkarrizketa mantentzea Sopelako Udalarekin egoeraren jarraipena egiteko.
Udal Gobernuaren ustez, garraio publikoa funtsezko zerbitzua da eta benetako eskarira egokituta egon behar du, udalerriko ehunka gazteren goi-mailako hezkuntzarako sarbidea bermatzeko.


