DOT Durangaldea

Etxanobek autonomian eta babesean oinarritutako foru eredua aldarrikatu du

Ekitaldiak 100 pertsona inguru bildu ditu Bilbon, haurtzaroko eta nerabezaroko parte-hartzea, zientzia, kultura eta eskola kirola bezalako ekimenak balioan jartzeko

Ekimenaren aurkezpena domekan izan da

BIZKAIA | Bizkaiko ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Bizkaian Hazi topaketan parte hartu du igande honetan. Ekimenak ume eta nerabeek erabakitzeko, sortzeko eta ekarpenak egiteko duten gaitasunean konfiantza izateko eta laguntzeko gai den lurraldea aldarrikatu du. Jardunaldiak elkarrekin bizitzeko, parte hartzeko, gaitasunak garatzeko eta kezka berriak aurkitzeko eskura dituzten programa eta ekimenetako batzuen berri eman du.

Ehun pertsona inguru bildu dira Bilboko Zabalgune eraikinean bizipenak partekatzeko eta gaur egun Bizkaian hazteak zer esan nahi duen hausnartzeko. Topaketaren abiapuntua ideia nagusi bat izan da: umeek eta nerabeek gaur egun bizi dutena lagungarria dela beste pertsona batzuekin eta haien inguruarekin harremanak izaten ikasteko, euren bide propioan aurrera egiteko eta dagoeneko parte diren gizarteari zer ekarpen egin diezaioketen jakiteko.

Aldundiak helburu partekatu batekin sustatu nahi ditu ekimen hauek: haurtzaroan eta nerabezaroan ikasitakoa pertsona bakoitzarengana zabaltzea eta Bizkaia lurralde parte-hartzaileagoa, kohesionatuagoa, berritzaileagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa egiten laguntzea. Ahaldun Nagusiak azpimarratu du haurtzaroaz eta nerabezaroaz hitz egiteak babesaz eta zaintzaz hitz egitea esan nahi duela, baina baita konfiantzaz, parte-hartzeaz eta autonomiaz ere.

Zeharkako apustua

Bizkaian Hazi ekimenean aurkeztutako programek Bizkaiko Foru Aldundiak ume eta nerabeei laguntzeko egindako zeharkako apustu iraunkorra islatzen dute. Politika honen bidez babesa, autonomia eta konfiantza uztartu nahi dira.

Etxanobek azpimarratu duenez, parte-hartzea ez dela soilik legezko betebehar bat: “Parte hartzea ez da instituzioek hitz egiteko baimena ematea. Zuen eskubidea eta erantzukizuna da”. Era berean, gaineratu du zeregin hau ezin dela bakarrik erakundeen erantzukizuna izan, familia, ikastetxe, udal eta gizarte-, kultura- eta kirol-eragile guztien inplikazioa eskatzen baitu.

Parte hartzeko guneak

Bizkaian Haziren lehen blokeak umeen eta nerabeen parte-hartzea izan du ardatz. Bere esku-hartzean Ahaldun Nagusiak aurreratu du Foru Aldundia Haur eta Nerabeen Foru Kontseilu propio bat sortzen ari dela, erakundearen ahotsa politika publikoetan txertatzeko egitura egonkor gisa. Gaur egun lurraldeko 21 udalerrik dute Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseilua (tartean Durango eta Zornotza), eta horietatik 16k Foru Aldundiaren laguntza jaso dute.

Bigarren blokeko protagonistak zientzia, teknologia, sormena eta ekintzailetza izan dira. Bertan, Egin eta Ekin (18.692 parte-hartzaile) eta TUMO Bilbao-Bizkaia (1.500 gazterentzat) bezalako proiektuak nabarmendu dituzte, beste hainbat foru-ekimenekin batera (AIC Academy, GreenPower, First Lego League, Zientzia Azoka edo Industria Erronka).

Hirugarren blokean esperientzia praktikoak partekatu dira: Udalekuak programa (40 urteko ibilbidea eta 1.500 plaza baino gehiago 2026an), Señeak Bizkaia Rock Kanpusa eta Eskola Kirola (aurten 46.000 neska-mutilek hartzen dute parte).

Ekitaldian zehar Eider Eibar ilustratzaileak mural bat egin du zuzenean, topaketako ideiak eta ahotsak biltzen dituen kontakizun bisuala osatuz.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top