DOT Durangaldea

Amorebieta-Etxanok 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesua jarri du martxan

Proposamenak aurkezteko epea urriaren 13ra arte egongo da zabalik, eta parte hartzeko hainbat kanal eta informazio gune jarriko dira martxan

Informazio-liburuxkak Amorebieta-Etxanoko etxeetara iritsiko dira datorren irailaren 21ean

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak Aurrekontu Parte-hartzaileen edizio berri bat jarri du abian. Prozesu honen bidez, herritarrek zuzenean parte hartu ahal izango dute udal aurrekontua prestatzen eta udalerria hobetzen jarraitzeko proiektuak proposatu ahal izango dituzte.

Arkalaz lelopean, Udalak herritarrekiko elkarlana indartu nahi du, eta entzuteko eta parte hartzeko guneak sortu nahi ditu, Amorebieta-Etxanoren etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.

Ildo horretan, Aurrekontu Parte-hartzaileak administrazio hurbilagoa, gardenagoa eta herritarren ekarpenei irekia sustatzeko udal-konpromisoaren parte dira. Aurreko edizioetan abian jarri zenetik, prozesu honen bidez auzotarren proposamenak jaso eta udal aurrekontuan txertatu daitezkeen jarduerak aztertu dira.

Edizio berri honetan, berritasun gisa, udalerriaren erronka nagusietan oinarritutako ikuspegia txertatu da. Erronka horiek herritarren entzute prozesuaren, “Ametsetatik herrira” ekimenaren, ondoren identifikatu ziren. Horrela, proposamenek Amorebieta-Etxanoko bizi-kalitatea hobetzeko estrategikotzat jotzen diren arloekin lotutako irtenbideak eta ideiak planteatu ahal izango dituzte.

Amorebieta-Etxanoko alkate Ainhoa Salterainek nabarmendu duenez, “herritarren parte-hartzea funtsezko tresna da gure bizilagunen beharrak, kezkak eta ideiak lehen eskutik ezagutzeko. Udalerri hobea eraikitzen jarraitu nahi dugu, eta horretarako, herritarrekin batera entzunez eta lan eginez egin behar dugu”.

“Arkalazek udal kudeaketa ulertzeko modu hori adierazten du: elkarrekin lan egitea, helburuak partekatzea eta Amorebieta-Etxanoren parte diren pertsona guztien ikuspegia batzea. Aurrekontu Parte-hartzaileak aukera bat dira herritarrek beren proposamenak egiteko eta gure etorkizuna markatuko duten erabakietan parte hartzeko”, gehitu du alkateak.

Hiru erronka nagusi

Edizio honetan, herritarrek aurkeztutako ideia eta proiektuek udalerriko hiru erronka nagusietako batekin lotuta egon beharko dute:

  • Herri bizia eta ekonomia sendoa

Bizikidetzarekin, espazio publikoekin, tokiko merkataritza eta ostalaritzaren sustapenarekin, elkartzeko, sortzeko eta parte hartzeko gune berrien sorrerarekin, auzoen arteko loturarekin, berdintasunarekin eta euskararen ezagutza eta erabilerarekin lotutako proposamenak.

  • Udalerri berdea eta mugikortasun jasangarria

Amorebieta-Etxanoko eraztun berdearekin, mugikortasun jasangarriaren hobekuntzarekin, energia berriztagarriekin, berdeguneekin eta espazio publikoen erabilerarekin lotutako ideiak, udalerri jasangarriago baterantz aurrera egiteko.

  • Udalerri kohesionatua, berdintasunezkoa eta euskalduna

Erronka demografikoari erantzuteko, ongizatea eta zaintza hobetzeko, udalerria biztanleriaren behar berrietara egokitzeko eta kultura zein kirol jarduera berrietarako guneak sortzeko proposamenak.

Nola parte hartu

Informazio-liburuxkak Amorebieta-Etxanoko etxeetara iritsiko dira datorren irailaren 21ean. Bertan, herritarrek prozesuari buruzko informazioa eta proposamenak aurkezteko galdetegia aurkituko dituzte.

Parte hartzeko epea urriaren 13ra arte egongo da zabalik. Proposamenak honako bide hauen bidez aurkeztu ahal izango dira:

  • QR kodearen bidez eskuragarri egongo den online formularioaren bidez.
  • Galdetegia Udaletxean eta Zelaieta Zentroan prestatutako postontzietan utzita.

Proposamen bakoitzak honako hauek jaso beharko ditu: izenburua, ideiaren azalpen laburra eta zein udal erronkari erantzuten dion.

Gainera, parte hartzeko epean zehar, informazio gune dinamikoak jarriko dira Udaletxean eta Zelaietan. Bertan, interesa duten pertsonek prozesuari buruzko informazio gehiago jaso, liburuxkak eskuratu eta hiru erronketatik zein den garrantzitsuena iruditzen zaien adierazi ahal izango dute.

Bozketa hori parte-hartze sistema baten bidez egingo da, eranskailuak eta postontziak erabiliz. Helburua da herritarrek udalerriaren lehentasunen inguruan duten iritzia ezagutzea eta parte-hartzea modu erraz eta hurbilean sustatzea.Kale-dinamikak

Horrez gain, urriaren 1ean eta 8an, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, kale-dinamikak egingo dira Zelaietan, herritarren ideiak jasotzeko, zalantzak argitzeko eta galdetegia betetzen laguntzeko.

Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesu berri honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera eta beren ideiak ematera, elkarrekin, Arkalaz, etorkizuneko udalerria eraikitzen jarraitzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top