Laguntzak urteko eskolatze kostuen %50eraino estali ahal izango du, eta deialdiak errenta mugak ezartzen ditu familia unitatearen arabera

DURANGO | Udalak 2025-2026 ikasturteko haurtzaindegi gastuei aurre egiten laguntzeko dirulaguntzen deialdia abiatu du. Deialdia 2024an eta 2025ean jaiotako bi urtetik beherako haurren gurasoei eta legezko tutoreei zuzenduta dago.
Laguntza jaso ahal izateko, eskaera egiten duen pertsonak gutxienez urtebetez egon beharko du Durangon erroldatuta, eta haurra udalerriko haurtzaindegi batean eskolatuta egon beharko da. Beste udalerri batzuetako zentroak ere onartuko dira, horretarako arrazoi justifikatua dagoenean. Baldintzak eskaerak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dira.
Deialdiak Bizkaiko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako haurtzaindegi gastuak hartzen ditu barne. Era berean, izaera pribatuko zentroetako haurtzaindegi gastuak laguntzatik kanpo geratzen direla adierazten du, bi formulazio horien arteko aldea zehaztu gabe. Nolanahi ere, jantoki eta garraio gastuak ez dira laguntzaren barruan sartzen.
Diru-sarrerei dagokienez, errenta mugak ezarri dira familia unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera. Urteko muga 41.440 eurokoa izango da bi kideko familientzat, 49.728 eurokoa hiru kidekoentzat eta 58.016 eurokoa lau kidekoentzat; hortik aurrera, pixkanaka handituko da, hamar kideko familia unitateen kasuan 82.880 eurora iritsi arte.
Kalkulua egiteko, 2025eko diru-sarrerak hartuko dira kontuan: elkarbizitza unitatea osatzen duten eta helbide berean bizi diren gurasoen, legezko tutoreen eta seme-alaben diru-sarrerak, hain zuzen. Horretarako, zerga oinarri orokorra hartuko da erreferentziatzat.
Laguntza eskatzeko, eskaera egiten duen pertsonaren NANa aurkeztu beharko da; baita haurtzaindegiaren ziurtagiri bat ere, 2025-2026 ikasturtean egindako maila eta izandako gastua jasotzen dituena. Horrez gain, kasu bakoitzean dagokion familia eta ekonomia arloko dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Deialdiak 12.000 euroko aurrekontua du guztira. Laguntzak gehienez ere urteko eskolatze kostuen %50 estali ahal izango du. Onartutako eskaeren zenbatekoak erabilgarri dagoen diru kopurua gainditzen badu, zenbatekoa proportzionalki banatuko da eskaeren artean. Gainera, laguntza hauek bateragarriak dira gastu bera finantzatzeko beste dirulaguntza batzuekin, betiere jasotako laguntzen baturak eskolatzearen kostua gainditzen ez badu.
Eskaerak irailaren 14tik urriaren 2ra aurkeztu ahal izango dira, Durangoko Udaleko Erregistro Orokorrean edo egoitza elektronikoaren bidez. Deialdia www.durango.eus webgunean egongo da eskuragarri.


