DOT Durangaldea

Abadiñok gizarte bonuetarako sarbidea erraztu eta eskaera-epea urte osora zabaldu du

Baldintzak betetzen dituzten herritarrek urteko edozein unetan eskatu ahal izango dute laguntza, orain arteko epe itxia ezabatu baita

Berrikuntza nagusia eskaera aurkezteko urteko epe itxia ezabatzea izan da

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak kirol eta kulturako gizarte bonuen oinarri arautzaileak aldatu ditu, herritarrei udal laguntza horiek eskuratzeko aukera errazteko eta zabaltzeko asmoz. Berrikuntza nagusia eskaera aurkezteko urteko epe itxia ezabatzea izan da; ondorioz, baldintzak betetzen dituzten pertsonek urte osoko edozein unetan eskatu ahal izango dute bonua.

Udaletik azpimarratu dutenez, gizarte laguntzek pertsonen zerbitzura egon behar dute oztopo administratiborik gabe: «Ez dugu nahi baldintzak betetzen dituen herritar bat udal laguntzarik gabe geratzea epea amaitu delako, aukera hori ezagutzen ez zuelako edo bere egoera aldatu delako. Administrazioak gertukoa eta malgua izan behar du».

Gizarte bonuen helburu nagusia baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonei eta familiei kirol eta kultur jardueretaz gozatzeko aukera bermatzea da. Gaur egun, bonu honek Abadiñoko udal igerilekuetara eta modalitate hau duten kultur ekitaldietara sartzeko bidea ematen du.

  • Nori zuzenduta dago: Abadiñon erroldatutako herritarrei, bizikidetza unitatearen pertsona kopuruaren araberako diru-sarreren muga eta oinarrietako baldintzak betetzen badituzte.

  • Ezaugarriak: Bonua pertsonala eta besterenezina da, eta urtebeteko iraupena du. Interesdunek dokumentazioa aurkeztu eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

Aldaketa honekin, Abadiñoko Udalak pertsonak erdigunean jartzen dituzten gizarte politiken aldeko konpromisoa sendotzen du, zerbitzu publikoak herritarren benetako beharretara egokituz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top