Durangoko 65 urtetik gorako pertsonek 4,50 eta 7 euro artean ordainduko dute zuzeneko zein geroratutako emanaldi bakoitzagatik, udalaren %50eko dirulaguntzari esker

DURANGO | Udalak berriz ere bultzatu du adinekoentzako diruz lagundutako opera-programa, Zugaza Zinemarekin lankidetzan. Ekimen honen bidez, kulturarako sarbidea sustatu eta opera nahiz musika-kultura udalerriko 65 urtetik gorako pertsonengana hurbildu nahi dira. Hitzarmen horri esker, onuradunek pantaila handian eskainiko diren opera emanaldiez gozatu ahal izango dute, batzuk zuzenean eta beste batzuk geroratuta, sarreraren prezioaren %50eko udal dirulaguntzarekin.
Nobedade nagusi gisa, programa udara zabalduko da aurten, Ópera Summer kanpainaren bidez. Uztailean, abuztuan eta irailean, munduko opera-jaialdirik entzutetsuenetako batzuetatik iritsitako lau opera proiektatuko dira. Programazioa honakoa da:
- Aida, Taorminako Greco Antzokitik, uztailaren 22an.
- Otello, Salzburgoko Jaialditik, abuztuaren 5ean.
- Carmen, St. Margarethen Open Air jaialditik, irailaren 2an.
- Nabucco, Arena di Verona jaialditik, irailaren 16an.
Sarreren prezioari dagokionez, Durangoko 65 urtetik gorako pertsonek %50eko udal dirulaguntza izango dute. Horrela, zuzenean eskainitako opera emanaldietarako sarreren prezio orokorra 12 eurokoa da aurretiazko salmentan eta 14 eurokoa emanaldiaren egunean. Dirulaguntzari esker, onuradunek 6 euro edo 7 euro baino ez dituzte ordainduko, hurrenez hurren. Geroratuta eskainitako opera emanaldietan, berriz, sarreren prezio orokorra 9 eurokoa da aurretiazko salmentan eta 11 eurokoa emanaldiaren egunean. Dirulaguntzari esker, onuradunek 4,50 euro ordainduko dituzte aurretiazko salmentan, eta 5,50 euro emanaldiaren egunean.
Ekimenak harrera ona izaten jarraitzen du herritarren artean. 2025ean guztira 12 opera proiektatu ziren, eta 582 pertsonak gozatu zuten emanaldiez. Datu horrek aurreko urteetako parte-hartze ona berresten du; izan ere, 2024an 495 pertsona bertaratu ziren, 2023an 618, 2022an 457 eta 2021ean 104, programa urte horretako abenduan jarri baitzen martxan.
Gainera, 65 urtetik gorakoak Senior Zinema programaz ere baliatu daitezke. Kultura Ministerioak diruz laguntzen duen programa horri esker, Zugaza zinemako film-saioez gozatu dezakete astelehenetan, 2 euroren truke.
Ekimen honekin, Durangoko Udalak udalerriko adinekoen artean kulturarako sarbidea errazten jarraitzen du, nazioarteko ospe handiko opera-ekoizpenez pantaila handian gozatzeko aukera eskainiz.


