DOT Durangaldea

Elorrioko Merkatarien Elkarteak botako du aurtengo txupinazoa Ferixa Nausikoetan

Jaiak irailaren 4tik 13ra bitartean ospatuko dira eta hainbat berrikuntza izango dituzte, hala nola txosnagunearen kokapen berria eta karrozen ibilbide aldatua

Jaiak datorren iralaren 5ean hasiko dira

ELORRIO.—  Elorriok prest dauka Ferixa Nausikoak ospatzeko egitarau zabala. Irailaren 4tik 13ra bitartean, herria musikaz, kulturaz, kirolaz, tradizioz eta herri-giroz beteko duten ehunka jarduera izango dira, adin guztietako herritarrei zuzenduta. Egitaraua Udalak, Jai Batzordeak eta herriko elkarte, eragile zein boluntario ugarik elkarlanean prestatu dute, beste urte batez jai parte-hartzaile, anitz eta herrikoiak eskaintzeko helburuarekin.

Aurtengo jaien une hunkigarrienetako bat larunbatean, irailak 5, bizi izango da txupinazoarekin. Edizio honetan, EME Elorrioko Merkatarien Elkarteak izango du txupinazoa jaurtitzeko ohorea, elkartearen 25. urteurrena ospatzeko eta herriari egiten dion ekarpena eskertzeko. Ospakizun honekin bat eginez, EMEk jaietako zapi horiak banatuko ditu doan bere denda eta tabernetan.

Bestalde, Jose Luis Pulido Calvoren “Iskanbila” lana izan da Ferixa Nausikoak 2026 iragarriko dituen kartel lehiaketako irabazlea.

Txosnagune berria

Aurtengo Ferixa Nausikoek aldaketa eta hobekuntza logistiko garrantzitsuak ekarriko dituzte:

  • Txosnagunearen kokapen berria: Bokata txosna Buzkantz kalean egongo da, eta karpa azpiko txosnak zein haien kontzertuak Ganondoko sarreran egingo dira.

  • Karrozen ibilbide berria: Desfilea Aldatsekuatik abiatuko da, herriko plazatik igaro, eta San Pio, Errebonbilo eta Errekakaletik berriro plazaraino igoko da. Karrozen desfilean eta koadrilen jolasetan parte hartu nahi dutenek programan agertzen diren QR kodeen bidez eman dezakete izena.

  • Ferixia eta gandua: Irailaren 6ko nekazaritza, artisautza eta abeltzaintza azokan ahalik eta eskaintzarik zabalena bildu nahi izan da eta, aurreikuspenen arabera, aurten behiak ere izango dira azokan.

  • Garraioa eta atrakzioak: Autobus zerbitzuak indartu eta egokituko dira, eta barraketan haur txikientzako atrakzio berri bat egongo da.

Musika izango da berriro ere jaien motor nagusietako bat. Eskaintza oso zabala izango da: elektronika, erromeriak, fanfarreak, DJ emanaldiak, karaokea, tributuak, flamenkoa, folka eta Maruxak ikuskizuna. Horrez gain, txikienek bitsaren festa eta jolasak izango dituzte; gazteek ekintza ugari Ganondoko uhartean; eta adinekoek euren egun berezia ospatuko dute mendi ibilbide, meza, bazkari eta dantzaldiarekin.

Hona hemen jaien hitzordu nagusien kronologia:

  • Irailak 4, ostirala: Txosnagunearen irekiera.

  • Irailak 5, larunbata: Txupinazoa eta danborrada.

  • Irailak 6, igandea: Ferixia (Nekazaritza eta abeltzaintza azoka).

  • Irailak 7, astelehena: Koadrilen bazkaria eta jolasak.

  • Irailak 11, ostirala: Jubilatuen eguna eta Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertu nagusia.

  • Irailak 12, larunbata: Sukalki Eguna, karrozen jaitsiera eta DJak.

  • Irailak 13, igandea: Jaien amaiera “Elorrioko Koloreak eta Zaporeak” ekimenarekin, herri kirolekin eta bertso saioarekin.

Gainera, herriko kirol taldeek ere protagonismo berezia izango dute, lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi partidekin.

Ferixa Nausikoek aurten ere jai parekide, seguru eta errespetuzkoen aldeko konpromiso irmoa berretsiko dute. Horretarako, eraso matxista eta arrazisten aurkako protokolo feminista aktibatuko da berriro, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean.

Informazioa edo laguntza behar duten pertsonek 688 86 52 94 telefono zenbakira jo ahal izango dute, eta jaietan zehar kapela moreak banatuko dira. Era berean, kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina ere egingo da.

Julene Lazkano alkateak herritar guztiei jaiak bizitzeko gonbita luzatu die: “Ferixa Nausikoak herri osoaren elkarlanaren emaitza dira. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu jaiak posible egiten dituzten elkarte, eragile, boluntario, udal langile, merkatari, ostalari, nekazari, abeltzain eta artisau guztiei. Gonbidapena luzatzen diet herritar guztiei jaiak euskaraz, errespetuz, berdintasunez eta arduraz gozatzera”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top