DOT Durangaldea

Funcor kooperatibari buruzko ikerketa lanak irabazi du Durangaldeko Gazte Ikerlarien Sariketa

Andu Allande Moreno Basabe elorriarrak eskuratu du 1.500 euroko saria, bere herriko kooperatiba historikoari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzen duen lanari esker

Andu Allande Moreno Basabe elorriarrak eskuratu du saria

DURANGALDEA.— Durangaldeko Ikerlari Gazteen bosgarren deialdiak badu irabazlea. Andu Allande Moreno Basabe elorriarrak eskuratu du saria, bere herrian bertan sorturiko Funcor kooperatibari buruz egindako ikerketa lanagatik. Saritutako lanak izenburu esanguratsu hau darama: «Kooperatibismoa. Kapitalismoaren barneko argi-izpi hutsala. Funcor kooperatibaren ibilbidea ardatz harturik eginiko ikerketa».

Gerediaga Elkarteak 2022an jarri zuen martxan sariketa hau, Durangaldeko ondare, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin. Aurten ere, egitasmoak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesa izan du. Hori dela eta, Idoia Otaduy Amankomunazgoaren presidenteak eta Gotzon Gomez Gerediagako presidenteak eman diote 1.500 euroko saria elorriar gazteari.

1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian, eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba, Andoni Esparzaren eskutik. Esperientzia oso emankorra izan zen eta 1970era arte iraun zuen. Galdategia edota nekazaritza-makineria saltzeko fabrika izatetik harago, beste hainbat egitasmo garrantzitsuren sustatzaile izan zen Funcor:

  • Euskarazko herriko lehen ikastola.

  • “Arte” unibertsitatea.

  • Txirrindulari talde profesionala.

  • Laboral Kutxaren sorkuntza.

  • Ama Lur euskarazko lehen film luzearen finantzaketa, besteak beste.

Azken urteotan Funcorren eragina aztertzeko zenbait lan eta jardunaldi (2022an, Elorrion) egin badira ere, Andu Allande Moreno Basaberen ikerketak ikuspegi berri bat eskaintzen dio kontakizunari. Lan honek Funcorrek Elorrion izandako eragin hurbilean jartzen du begirada, orduko testuinguru sozial eta ekonomikoaren azterketa sakona eginez.

Edizio honetako epaimahaia Iune Ruiz Taglek, Iruri Altzerreka Martinezek eta Peru Bilbao Lasak osatu dute. Adituen ustez, Morenoren lanak Durangaldeko historia garaikidearen pasarte garrantzitsu bat jorratzen du bikain.

“Ondo egituratua dago, bibliografia anitza eta aberatsa dauka, eta aurrez idatziz dokumentatu gabeko informazio eta testigantzak ere jasotzen ditu”, nabarmendu dute epaimahaikideek lan saritua baloratzerakoan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top