Lau enpresak aurkeztu dute euren proiektua lizitaziora, menpekotasun edo ahultasun egoeran dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin

DURANGALDEA | Mankomunitateak urrats berri bat eman du eskualdeko gizarte-zerbitzuak sendotzeko bidean, eta lizitaziora atera du Abadiñoko adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua emateko kontratua. Deialdia itxi ondoren, lau enpresak aurkeztu dituzte euren proposamenak. Ekimen honen helburu nagusia adinekoen arreta-beharrei erantzutea eta menpekotasun zein ahultasun egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da.
Zerbitzu berri honek arreta integral, pertsonalizatu eta komunitarioa eskainiko du. Erabiltzaileek gizarte-arreta, laguntza pertsonala eta jarduera terapeutikoak jasoko dituzte, euren autonomia pertsonalari eutsi eta gehieneko garapena lortzeko. Gainera, ongizate fisiko eta emozionala sustatzeaz gain, bakardade egoerak prebenitzen lagunduko du.
Era berean, baliabide honek babes garrantzitsua eskainiko die senide eta zaintzaileei, eguneroko zaintza-lanen karga arinduz eta kontziliazioa erraztuz, zaintza-eredu jasangarriago baten alde eginez.
Lankidetza eta hurbiltasuna
Proiektua aurrera eramateko, funtsezkoa izango da Abadiñoko Udalaren eta Durangaldeko Mankomunitatearen arteko lankidetza. Bi erakundeek hitzarmen bat sinatuko dute datozen egunetan, zerbitzua eskainiko den herriko lokala lagatzeko. Azpiegitura horri esker, arreta modu hurbilean emango da, irisgarritasuna eta jarraitutasuna bermatuz.
Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak ekimenaren “garrantzi estrategikoa” nabarmendu du: “Biztanleriaren zahartze testuinguru honetan, funtsezkoa da baliabide berriak garatzea eta lehendik daudenak indartzea. Eguneko arreta zerbitzu berri honek aurrerapauso garrantzitsua dakar zaintza-eredu integralago, gertukoago eta pertsonengan zentratuago baten alde, Durangaldeko herritarren ongizatea erdigunean jarriz”.
Abadiñoko Udaletik azaldu dutenez, zentroak eskualde osoari zerbitzua emango dion arren, herrian egoteak “onura berezia” ekarriko die abadiñarrei gurbiltasunagatik. Udalaren ustez, zaintzaren esparrua erabat estrategikoa da, eta zentro berri honek —gai honen inguruan bultzatzen ari diren ekimenekin eta etorkizuneko egoitzarekin batera— laguntza handiena behar duten pertsonen arreta indartuko du.


