DOT Durangaldea

Elorrioko Udalak Fytasaren lursaila eta instalazioak erosi ditu

Epe ertain-luzerako proiektu estrategikoak bulegoen eraispen urgentziazkoa eta lurzoruaren deskontaminazioa jasoko ditu

Operazioaren prezioa 345.000 eurokoa izan da

ELORRIO | Udalak Fytasaren lursaila eta instalazioak erosi ditu. Operazio horren bidez, Udalak bere egin du urte luzez abandonatuta eta degradazio egoeran egon den eremu bat, eta aukera berri bat ireki du herriaren erdigunean kokatutako espazio hori berreskuratzeko, birgaitzeko eta etorkizuneko beharrei erantzuteko.

Fytasa fundizio nodularrak 96 urteko ibilbidea izan zuen, eta 2011n itxi zituen ateak behin betiko. Ordutik, instalazioak erabilerarik gabe egon dira, pixkanaka hondatuz. Plan Orokorraren berrikuspenaren testuinguruan, udal gobernuak argi izan du hasieratik eremu horrek ezin duela industria-erabilerari lotuta jarraitu. Herriaren erdigunean dagoen kokapenak eta dituen metro koadroek aukera ematen dute etxebizitzarekin, ekipamenduekin eta herritarren behar berriekin lotutako etorkizuneko erabilerak aztertzeko. Hausnarketa hori berretsi zuten, gainera, HAPOren berrikuspeneko parte-hartze prozesuan parte hartu zuten herritarrek.

Azken urtea kudeaketa handikoa izan da Udalarentzat. Erosketa prozesua konplexua izan da, besteak beste, jabetza egoera bera zaila zelako: alde batetik, inbertsio funts bat zegoen, eta, bestetik, konkurtso-administratzaile bat, Fytasaren zati bat oraindik hartzekodunen konkurtsoan baitzegoen. Horrez gain, hainbat azterketa egin dira operazioaren egokitasuna bermatzeko: lursailaren egoera, kutsaduraren irismena, jarduketaren bideragarritasun ekonomikoa eta Udalak erosketa gauzatzeko duen ahalmena. Prozesu osoan zehar beharrezko diskrezioz jokatu da, espekulazio aukerak saihesteko.

Erosketa prozesua ekainean amaitu da, eta operazioaren prezioa 345.000 eurokoa izan da. Udala dagoeneko hasi da hurrengo urratsak lantzen. Ingurumen Sailarekin harremanetan egon da Eusko Jaurlaritzan, eta kutsadura kentzeko prozedura abiaraziko duen enpresa kontratatu du. Lehenik eta behin, bulegoen eraikina ahalik eta azkarren eraisteko asmoa dago, premiazko prozedura baten bidez; izan ere, gaur egun pertsonak modu irregularrean sartzen dira eraikinera, eta egoera arriskutsua da. Ondoren, gainerako pabiloiak eraitsi eta deskontaminatzeko lanak egingo dira. Horren harira, Julene Lazkano, Elorrioko alkateak, adierazi duenez “Lehen urratsak martxan daude: lurzorua deskontaminatzeko prozedura hasiko da, eta bulego-eraikina premiaz eraitsiko da.”

Aldi berean, Udalak eremuaren hirigintza-kalifikazioa aldatzeko prozesua abiatuko du, gaur egungo industria-erabileratik bizitegi-erabilerara igarotzeko. Hori guztia epe ertain/luzeko proiektu baten barruan kokatzen da, helburu argi batekin: degradatutako eta kutsatutako espazio bat berreskuratzea, herriaren erdigunean aukera berriak sortzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko bidea irekitzea. Maria Herreroren hitzetan, “Urteetako degradazioaren ondoren, Udalak lursaiak eta instalazioak eskuratu ditu aukera handi gisa; epe ertain/luzerako inbertsio estrategikoa da.”

Elorrioko Udalak lanean jarraituko du arduraz, diskrezioz eta determinazioz, Fytasaren eremua herriarentzat aukera estrategiko bihurtzeko eta Elorrioren etorkizuneko garapenean funtsezko pieza gisa lantzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top