DOT Durangaldea

Durangok Correos eraikin zaharra eraisteko eta plazan egokitzeko lizitazioa abiarazi du

Oinarrizko aurrekontua 428.817,67 eurokoa da (BEZik gabe), eta jarduketa 2026an gauzatzea aurreikusita dago, San Fausto jaiak baino lehen eraitsi eta ondoren urbanizatzeko

Interesa duten enpresek uztailaren 13ra bitarte aurkeztu dezakete eskaintzak

DURANGO | Durangoko Udalak urrats berri bat eman du Correos eraikin zaharra eraisteko eta haren espazioa egokitzeak ekarriko duen Udaletxeko plazaren hobekuntzarako obren lizitazio prozesua abiatuz. Jarduketa horri esker, udalerriko espazio publiko adierazgarrienetako bat handitu eta berrituko da.

Esku-hartze hori Gonzalez Cavia y Cabrera-Arquitectura, Urbanismo y Paisaje S.L. taldeak egindako ideia-lehiaketaren proiektu irabazlearen parte da. Proiektuak 1970ean eraikitako Correoseko eraikina eraistea planteatzen du, gaur egun akatsak baititu eta hiri-antolamendutik kanpo dago. Gainera, Hirigune Historikoan duen presentzia desegokitzat jo da, eta urteetan murriztu egin du Udaletxe aurreko plazaren espazioa. Eraisketaren ondorioz, erabilera publikorako azalera handituko da, eta plazaren eta Udaletxearen arteko lotura bisuala hobetuko da.

Proposamen irabazleak plaza irekiago, erosoago eta ingurunean hobeto integratutako baten alde egiten du. Horretarako, kareharrizko zoladura jarraitua planteatzen da beix tonuan, espazioari batasuna emateko. Halaber, Udaletxea islatuko duen eta espazioa ikusmen aldetik handituko duen akabera jarriko zaio horma bitartekoari.

Diseinuak, gainera, harri beltzeko banku bat aurreikusten du atseden-eremu gisa, eta Ginkgo bilobako zuhaitzen landaketa, itzala emateaz gain Durangoko memoriari lotutako balio sinbolikoa ere izango dutenak. Horrekin batera ur-elementuak aurreikusten dira, baita argiztapen-sistema berri bat ere, zutoin ikusgarririk gabe, espazio garbiagoa lortzeko.

Proiektua iraunkortasun, irisgarritasun eta eguneroko erabilera-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da. Helburua da gune erosoa, inklusiboa eta jarduera desberdinetarako egokia sortzea, plaza herritarrentzako topagune gisa indartuz.

Obrak 2026an zehar egitea aurreikusten da. Ezarritako plangintzaren arabera, Correoseko eraikin zaharra San Fausto jaiak baino lehen eraitsiko da, eta urbanizazio-lanak ondoren egingo dira.

Kontratuaren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 428.817,67 eurokoa da, BEZik gabe, eta eraikina eraistea eta sortzen den espazioa egokitzea aurreikusten ditu, Udaletxeko plaza handitzeko proiektuaren esparruan.

Interesa duten enpresek uztailaren 13ra bitarte aurkeztu dezakete eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak, udalaren webguneko Kontratatzailearen Profilaren bidez www.durango.eus.

Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkateak, Udaletxeko Plazaren proiektuak aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du: “Plaza Durangoko gunerik enblematikoenetako bat da, eta, urteen poderioz, txiki geratu da. Proiektu honek plaza handitzeaz gain, modernitatea, tradizioa eta memoria batzen dituen topaleku bat itzuliko die herritarrei. Espazio inklusiboa eta funtzio anitzekoa izatea nahi dugu, irisgarria eta erosoa, atseden hartu, elkarrekin bizi eta gozatu ahal izateko, aldi berean gure historia eta gizarte gisa gainditu dugun guztia gogoratuz. Funtsezkoa da proiektu honek aurrera jarraitzea eta obrak lehenbailehen hastea, durangarrok ahalik eta lasterren gozatu ahal izan dezagun espazio berritu honetaz”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top