DOT Durangaldea

EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Berrizko belodromoaren proiektua salbatzeko

Koalizioak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromiso falta salatu du

Mozioa eguen honetan eztabaidatuko da

DURANGALDEA | EH Bilduk mozio bat erregistratuko du datorren osteguneko osoko bilkuran, Berrizko belodromoaren proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetza eta finantzaketa bermatzeko asmoz. Ezkertiar koalizio subiranoaren ustez, “ezinbestekoa” da Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak euren ardura eta lidergoa bere gain hartzea, guztien artean irtenbide bat bilatzeko.

Ekimen hau joan den ekainaren 11n Durangoaldeko Mankomunitatearen eta Foru Aldundiaren artean egindako bileraren ostean burutu da. Koalizioak jakinarazi duenez, bilera horretan egiaztatu zen Aldundiak proiektuaren lehen fasearen zati bat besterik ez duela finantzatu nahi, eta ez duela bere gain hartu nahi ez jarduketa osoaren lidergoa, ezta etorkizuneko kudeaketaren konpromisoa ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere ez du parte hartzeko borondaterik erakutsi.

EH Bilduren iritziz, erantzun hauek agerian uzten dute, gaur gaurkoz, belodromoaren proiektuak ez duela garapena bermatzeko beharrezko erakunde-konpromisorik. “Durangaldeko esparrua gainditzen duen proiektu baten aurrean gaude. Hori dela eta, ezin da erantzukizun osoa Mankomunitatearen gain geratu, eta are gutxiago horrek bere eskumenekoak diren oinarrizko zerbitzu publikoak ematea arriskuan jar balezake”, ohartarazi dute.

Lan-mahaia

Koalizioak gogorarazi du Mankomunitateak bere konpromisoa bete duela azken urteetan; izan ere, bideragarritasun-azterketa bat bultzatu du, eskualdeko alkateekin batera lan egin du eta harremanak izan ditu Foru Aldundiarekin proiektuari irtenbidea ematen saiatzeko. Horregatik, txirrindularitzarekin eta kirol-azpiegitura estrategikoekin “benetako konpromisoa” badago, erakundeek modu koordinatuan lan egin behar dutela defendatzen dute.

Plenoan aurkeztuko duen mozioaren bidez, EH Bilduk erakundeen arteko lan-mahai bat sortzea eskatuko die Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Gune horrek obraren exekuzioa zein belodromoaren ondorengo kudeaketa adosteko balio beharko luke, implikatutako erakunde guztien parte-hartzea eta konpromisoa bermatuz.

Azkenik, koalizioak azpimarratu du mozioaren helburua gai honen inguruan “erabateko gardentasuna” eskaintzea dela, proiektuaren benetako dimentsioa eta egungo egoera erakundetan argitzea, eta belodromoaren etorkizunari lankidetzatik, errealismotik eta epe luzerako bideragarritasunetik heltzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top