DOT Durangaldea

Bart…Sax! musikaz eta dantzaz beteko dute Ezkurdi

Aire zabaleko kontzertua eskainiko du 19:00etan Ezkurdiko kioskoan

Kontzertua bariku honetan izango da

DURANGO | Datorren ekainaren 12an, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Bart…Sax! taldeak ikasturte amaierako kontzertua eskainiko du Durangoko Ezkurdi plazan. Oraingo honetan, taldeak swing erritmoetan oinarritutako errepertorioa aurkeztuko du, musika eta dantza uztartuz eta herritarrei aire zabalean gozatzeko aukera eskainiz.

Kontzertuan, musikariak Ezkurdiko kiosko historikora igoko dira, entzulez eta lindy hop dantzariz inguratuta. Izan ere, ekimenaren helburua ez da soilik musika entzutea, baizik eta bizitzea eta sentitzea ere. Swing musikarekin batera sortu zen lindy hop dantza, 1920ko hamarkadako komunitate afroamerikarraren adierazpen kultural gisa, eta gaur egun ere bere energia, jariotasuna eta izaera ireki eta parte-hartzaileagatik nabarmentzen da.

Horretarako, Bart…Sax! taldeak, Itziar Castrilloren zuzendaritzapean, lankidetza estuan jardungo du Durangaldeko Swing Taldearekin. Azken urteotan, talde honek dantza estilo hau Durangaldeko herritarrengana hurbiltzeko lanean dihardu, Korrala Sormen Gunean antolatzen dituen tailer eta jardueren bidez.

Jardunaldiak egitarau bikoitza izango du. Lehenik, 17:00etatik 18:30era, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako aretoan lindy hop klase ireki bat eskainiko dute Bilboko Little Harlem eskolako Iker eta Gina irakasleek. Saioa publiko guztiei zuzenduta dago eta swingaren munduan lehen urratsak egin nahi dituztenentzat aukera paregabea izango da.

Ondoren, 19:00etan, Ezkurdiko kioskoan, Bart…Sax! taldeak swing erritmoetan oinarritutako kontzertua eskainiko du. Emanaldian guztira hamahiru pieza interpretatuko dira big band formatuan, eta Elaia Berrojalbiz abeslari gaztearen ahotsa ere izango da protagonista hainbat kantutan. Hogei musikari inguruk hartuko dute parte kontzertuan.

Ekimenak aukera bikaina eskainiko du aire librean, komunitatean eta giro parte-hartzailean musikaz eta dantzaz gozatzeko. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera eta swingaren erritmoan murgiltzera, arratsalde berezi eta ahaztezin bat partekatzeko asmoz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top