DOT Durangaldea

Abadiñok ‘Auzosare’ eredua aurkeztuko du bihar

Bilera ireki bat egingo da Errota Kultur Etxean, 18:00etan, herritarren iritziak, ekarpenak eta hobetzeko proposamenak jasotzeko

Bilera martitzen honetan izango da

ABADIÑO – Abadiñoko Udalak datozen urteetarako zaintzen arloko lan-ildo nagusiak markatuko dituen diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko ditu. Plan hau azterketa kuantitatibo zein kualitatibo baten eta parte-hartze sozialeko prozesu sakon baten emaitza da. Prozesu horretan arduradun politikoek, udal-teknikariez gain, gizarte-eragileek, zerbitzu publikoen kudeatzaileek eta adinekoen elkarteek hartu dute parte. Helburua argia da: gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko (bereziki 60 urtetik gorako pertsonei dagokienez), herrian zaintza nola hobetu elkarrekin definitzea.

Udalerriaren errealitatetik sortutako eredu parte-hartzailea

Jarduera Plana Abadiñoko errealitatearen azterketa zehatz batetik abiatu da, herritarrak nola bizi diren, zer behar dituzten, haien egoera sozial eta ekonomikoa zein den, eta erabilgarri dauden zerbitzuak zeintzuk diren xehetuz. Horretarako, arlo soziodemografiko, soziohabitazional, sozioekonomiko eta sozioedukatzaileko datuak eta proposamenak aztertu dira, betiere herritarren eta gizarte-eragileen ahotsarekin, esperientziekin eta proposamenekin aberastuta.

Eredu berria bost arlo handitan antolatzen da:

  • Parte-hartzea eta jarraipena: Herritarrek iritzia emateko, jarraipena egiteko eta erabakietan parte hartzeko guneak sortzea.

  • Informazioa eta eskubideak: Informazioa eta eskura dauden zerbitzu zein laguntzetarako sarbidea hobetzea.

  • Hurbileko zerbitzu irisgarriak: Baliabideak egokitzea, auzo eta pertsona bakoitzera hobeto irits daitezen.

  • Bakardadearen aurkako borroka: Bakarrik sentitzen diren pertsonei laguntzeko ekimenak indartzea.

  • Iraupen luzeko zainketak: Arreta-eredu hurbilagoak, malguagoak eta egoera bakoitzera egokituak bultzatzea.

Hurbiltasunean eta komunitatean oinarritutako prebentzioa

Proposatutako eredua zaintzak hurbiltasunetik garatzeko ideiarekin egituratzen da; hau da, pertsonen ohiko ingurunean, sare komunitarioak indartuz eta zerbitzu publikoen, herritarren eta auzokideen arteko lankidetza sustatuz. Era berean, prebentzio-izaera nabarmena du: mendekotasun-egoerei aurrea hartzea eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzea bilatzen du, laguntza-beharrizan handiagoak agertu baino lehen, udal-eskumenen eremuaren barruan.

Prozesua ez da diagnostiko honekin amaituko. Udalak lanean jarraituko du jasotako jarduerak pixkanaka garatzeko, betiere Durangoko Merindadearen Mankomunitatearekin, Osakidetzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta herriko gizarte-sarearekin (adinekoen eta auzo-elkarteak) koordinatuta, Zainketen Koordinazio Mahaian zehaztuko den ibilbide-orri baten bidez.

“Eredu hau ez da dokumentu bat bakarrik, Abadiño ulertzeko modu bat da: guztion artean zaintzen, laguntzen eta eraikitzen den herri bat”, adierazi dute Udaletik.

Aurkezpen irekia 

Prozesua jendaurrean azaltzeko, ekainaren 9an (bihar), bilera ireki bat egingo da Errota Kultur Etxean, 18:00etan. Dokumentua xehetzearekin batera, bertaratutakoen iritziak eta hobetzeko proposamenak jasoko dira.

Era berean, bilera horretan, estrategia honen baitan abian jarriko den proiektu berritzaile bat aurkeztuko da: Auzosare eredua. Ekimen honen helburua bakardade-egoeretan dauden pertsonak garaiz detektatzea eta esku hartzea da. Proiektu hau Europa mailan jardunbide egokitzat jotzen da eta laster jarriko da martxan Abadiñon.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top