DOT Durangaldea

Amorebieta-Etxanok etorkizuneko garapenaren oinarriak ezarri ditu

HAPO berriaren baitan udalerriaren garapen integrala bideratzen duten funtsezko lau zutabetan oinarritzen da

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin betiko onartu du

AMOREBIETA-ETXANO | Ostegun honetan egindako ohiko osoko bilkuran, Amorebieta-Etxanoko Udalak behin betiko onartu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO). Urrats hau funtsezko mugarria da udalerriaren egungo eta etorkizuneko plangintza zein garapenerako. Herritarren partaidetzarekin batera urtetako etengabeko lanaren ondoren garatutako plan honen bitartez, gobernu-taldeak datozen hamarkadetan udalerria garatzeko ibilbide-orria definititzen duen dokumentua diseinatzea lortu du. Plan honek oinarri gisa ditu etxebizitza irisgarria bermatzea, tokiko ekonomia indartzea, ondarea eta ingurune naturala babestea eta berdeguneak zabaltzea.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak adierazi duenez, “HAPOren behin betiko onarpena urteetako lanaren, plangintza estrategikoaren eta zornotzarrekin egindako lanketaren emaitza da. Plan honek gure udalerria modu orekatuan, iraunkorrean eta pertsonengan zentratuta hazten jarraitzea bermatzen du, Amorebieta-Etxano bizitzeko, lan egiteko eta inguruneaz gozatzeko leku erakargarri gisa sendotuz”.

Etengabeko ibilbidea

HAPOa udal-lurraldea nola antolatu eta kudeatzen den arautzen duen hirigintza-tresna da, eta Amorebieta-Etxano hurrengo hamarkadetan nola eta non garatuko den definitzen du. Bere helburu nagusia da hiri-hazkunde ordenatu, iraunkor eta bidezkoa bermatzea, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren iraunkortasun-irizpideak integratuz, etxebizitza- eta enplegu-aukerak ziurtatuz eta udalerrian bizi diren pertsona guztien bizi-kalitatea sustatuz.

Planari egindako eguneratze-eremu bakoitza kontu handiz aztertu eta planifikatu da,  Amorebieta-Etxanoko nortasuna eta ondarea eta garapen ordenatua zein iraunkorra errespetatuko dituena bermatzeko.

HAPO berriaren baitan, udalerriaren garapen integrala bideratzen duten funtsezko lau zutabe nabarmentzen dira: :

  1. Etxebizitza babestua eta irisgarria: 1.490 etxebizitza berri aurreikusten dira eta horietatik 702 babestuak izango dira, gazteek eta familiek etxebizitza eskuratzeko aukerak errazteko. Neurri honek kohesio soziala indartzen du eta Amorebieta-Etxano pertsonak bizi eta garatzeko lekua izaten jarraitzea ziurtatzen du.
  2. Bultzada ekonomikoa: Industria-jardueretarako eta jarduera mistoetarako lurzoru berriak gehitzeak tokiko ekonomia indartzen du, enplegua sortzen du eta lehen sektorea babesten du, garapen ekonomiko iraunkorra eta herritarrengandik hurbil dagoena sustatuz.
  3. Ingurumena eta ondarea babestea: Planak ingurumena eta kultura- eta natura-ondarea babesten ditu, lurzoru urbanizaezina antolatzen du eta hiri-hazkundeak udalerriaren nortasuna eta ingurumen- eta historia-aberastasuna errespetatzen dituela ziurtatzen du.
  4. Berdeguneak eta ibai-pasealekuak handitzea: Aisialdirako guneen, espazio libreen eta parkeen sistema orokorrak finkatu eta zabaltzen dira, Astepetik hasi, Jauregibarriatik igaro eta Euba edo Bernaraino, Ibaizabal ibaiarekin batera, aire zabaleko bizitza eta herritarren bizi-kalitatea sustatuz.

Lau ardatz nagusi horiez gain, HAPOk neurri osagarriak jasotzen ditu, hala nola biztanleriaren hazkundeari eustea tokiko nortasunari eusteko, dauden lurzoruak eta hiri-inguruneak berroneratzea, hezkuntza- eta kirol-ekipamenduak bultzatzea, eta genero-irizpideak, hizkuntza-inpaktua eta jasangarritasun energetikoa txertatzea. Ekintza horiek guztiek garapen orekatua, inklusiboa eta iraunkorra indartzen dute, herritarrentzako aukerak inguruaren zaintzarekin eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekin uztartuz.

Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak azpimarratu duenez, “HAPOa osatzea prozesu konplexua da, baina herritarren parte-hartze aktiboari esker, elkarrekin, Arkalaz, pertsonak erdigunean jartzen dituen plan bat definitu dugu, garapen ekonomikoa, soziala eta hiritarra orekatuz”. 

HAPOren behin betiko onarpenak amaiera ematen dio duela urte batzuk hasitako ibilbideari,  legeak eskatzen duena baino parte-hartze prozesu askoz zabalagoarekin eta Amorebieta-Etxanoren etorkizuna definitzen duen dokumentua sendotuz. Herritarrek Udalaren webgunean eskuratu ahal izango dute plana, eta horren azalpen-hitzaldi bat egingo da ekainaren 17an, 18:30ean, Zelaieta Zentroko auditorioan, gardentasuna eta neurri guztien ulermena bermatzeko.

HAPO honekin, Amorebieta-Etxano udalerri kohesionatua, jasangarria, oinezkoentzako atsegina eta gazte, familia eta enpresentzako aukerak dituena izango da, datozen urteetan bere komunitatea garatzeko oinarri sendoak ezarriz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top