Larunbatean formatu txikiko piezak egongo dira udalerrian zehar, eta igandean Oreka TXk Angurretan joko du

MAÑARIA | Arri proiektuaren baitan, formatu txikiko lanak ikusi ahal izango dira larunbatean herriko hainbat gunetan. Igandean, berriz, Oreka TX taldearen kontzertua izango da Angurretan; antolakuntzak herrigunetik oinez igotzeko deia egin du.
Mañariako Maiatza Kulturalak aurrera jarraituko du datozen egunetan. Arri proiektua eta Oreka TX taldearen emanaldia izango dira egitarauaren ardatz nagusiak, astean zehar aurreikusitako beste hainbat jarduerarekin batera.
Maiatzaren 16an, Arri proiektuaren barruan, formatu txikiko pieza artistikoak ikusi ahal izango dira udalerriko gune desberdinetan. Korrala Sormen Guneak antolatutako ekimen hau “ginkana teatral” gisa definitu dute arduradunek.
Ikusleek ibilbide bat osatu beharko dute pieza guztiak ezagutzeko. Doako txartelak 17:00etan banatuko dira plazan, eta emanaldiak non izango diren sekretupean gordeko da hasiera ordura arte.
Proposamenen artean, Ibawa kolektiboaren dantza garaikidea, Karrika Antzerki Taldearen lan bat eta soka finkoa zein clowna uztartzen dituen pieza bat egongo dira. Amaiera 20:00etan izango da plazan, Swingtronics taldearen kontzertuarekin. Maiatzaren 17an, 12:00etan, Oreka TX taldeak kontzertua eskainiko du Angurreta gune artistikoan, sarrera doakoa dela. Antolatzaileek oinez joateko eskatu dute, ibilgailuentzako sarbidea itxi egingo baita.
Oreka TX txalapartaren inguruko musika proiektu entzutetsua da. Nazioarteko ibilbide luzea du, eta euskal musika tradizionala beste kultura batzuetako soinuekin uztartzen du.
Egitaraua
Maiatza Kulturaleko agenda beste jarduera hauekin osatuko da:
-
Osteguna, 18:30: Gorka Valdesen hitzaldia hegaztiei buruz, kultur etxean.
-
Ostirala, 19:00: Jokin Lasaren ‘Aberriak eta atzerriak’ musika ikuskizuna.
-
Maiatzak 18, 18:00: Mural parte-hartzailea plazan, Eñaut Aiartzaguenarekin.
-
Maiatzak 20, 18:00: Proiekzioa.


