Lizitazioak tabernaren kudeaketa, bazkarien prestaketa eta pilotalekuko zein kirol-eremuetako erabiltzaileentzako arreta barne hartzen ditu

DURANGO | Durango Kirolak erakundeak San Fausto pilotalekuan dagoen taberna-kafetegiaren zerbitzuak emateko lizitazio prozesua ireki du. Prozesu honen bidez, tabernaren kudeaketaz, otorduen prestaketaz eta kafetegi-zerbitzuaz arduratuko den enpresa bat kontratatu nahi da, pilotalekuko eta inguruko kirol-instalazioetako erabiltzaileen beharrei erantzuteko.
Baldintza-agiriaren arabera, enpresa esleipendunak urteko emakida-kanon bat ordaindu beharko du; lizitaziorako gutxieneko kanona 425 eurokoa izango da hilean (BEZ kanpo). Kontratuaren hasierako iraupena urtebetekoa izango da, eta urtero luzatzeko aukera egongo da, gehienez ere hiru urte bete arte.
Esleipena egiteko orduan, kalitate-prezio erlaziorik onena hartuko da kontuan. Besteak beste, alderdi hauek baloratuko dira: gutxieneko kanona hobetzea, langileen kualifikazioa eta ostalaritzako titulazioak, euskarazko hizkuntza-eskakizuna eta emakumeen enplegua sustatzea.
Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 22ko 15:00etan amaituko da. Enpresa interesatuek Udalaren kontratazio plataformaren bidez (www.durango.eus) aurkeztu ditzakete proposamenak; bertan kontsulta daitezke prozesuaren xehetasun guztiak.


