Tailerrak, erakustaldiak eta herritarrei irekitako jarduerak izango dira Landako Gunean

DURANGO | Gaur goizean aurkeztu dute Durangon XVI. Dantzaren Eguneko egitaraua. Larunbat honetan ospatuko da hitzordua Landako Gunean, eta L’atelier Dantza Eskolako 600 dantzari inguru elkartuko dira bertan. Udalarekin elkarlanean antolatutako jardunaldi honek Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du, adin guztietarako prestaturiko ekintzekin.
Egitaraua 10:00etan hasiko da umeentzako tailerrekin (maskarak, aurpegi-margotzea eta akrobaziak). 11:00etatik aurrera, ballet proposamenak izango dira, eta 12:00etan hasiko dira emanaldiak. Eguerdian, 13:30ean, bazkari irekia egingo da, eta bildutako dirua Koreo Dantza Elkartera bideratuko da, dantzarien familiei laguntzeko ekimen solidariora.
Arratsaldean jaiak aurrera jarraituko du: 15:00etan bingoa izango da eta, 15:45etik aurrera, dantza modernoa, hiri-dantzak eta dantza garaikideko emanaldiak izango dira ordu batzuetan zehar. 18:45ean zozketak egingo dira eta, amaiera gisa, 20:00etan, swing tailer eta saio soziala eskainiko du Swing Talde Durangaldeak. Egun osoan zehar, taberna zerbitzua eta denda solidarioa egongo dira L’ateliereko ikasleentzat funtsak biltzeko.
Kultur eta arte aniztasuna
Paule Sanchez Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Dantzaren Eguna gure kultur eta arte aniztasuna ospatzeko, pertsonak batzeko eta tokiko talentua sustatzeko aukera bat da”.
Ildo beretik, Oihane Azkonizaga L’ateliereko zuzendariak gogorarazi du “dagoeneko 16 urte” daramatzatela Durangon Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzen, eta “urte hauetako ilusio berberarekin, kultur eta dantza mailako egitarau indartsua” bultzatu dutela berriro.


