DOT Durangaldea

Hamar dantza talde bilduko dira Zornotzan Ezpatadantzari Egunean

Erakustaldia 18:00etan izango da plazan, eta 20:30ean Kittu taldearen musikarekin jarraituko du jaiak

Ezpatadantzari Egunaren aurkezpena Amorebieta-Etxanon

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna aurkeztu du gaur, eskualdeko dantzarien hitzordu nagusia. Larunbat honetan, apirilak 25, tradizioak herriko kaleak hartuko ditu, herriak topaketa hau hartzen duen lehen aldian. Erakustaldi nagusia 18:00etan hasiko da plazan, eguraldiak laguntzen ez badu, Zelaieta pilotalekura eramango dute, eta eguna amaitzeko, Kittu taldeak girotuko du herria 20:30etik aurrera.

Gerediaga Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako jardunaldi honek jauzi bat eman du azken urteetan: erakustaldi huts bat izatetik, dantza tradizionala sustatzeko gune irekiagoa izatera igaro da. Goiatz Pelaez Gerediagako kideak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da “gure eskualdeko altxor hau herritarrei gerturatzea eta dantzari belaunaldi berriak sustatzea”.

60 urteko ibilbide oparoa

Aurtengo edizioak kutsu berezia izango du Zornotzarentzat, Udabarri Dantza Taldeak 60. urteurrena ospatzen baitu. 1966an sortu zenetik, Udabarri euskal folklorearen babesle eta transmisore nekaezina izan da herrian, eta urteurren hau ospatzeko modu ezin hobea izango da eskualdeko dantzariak etxean hartzea.

Guztira, Durangaldeko hamar taldek parte hartuko dute: Udabarri (Zornotza), Iremine eta San Lorentzo (Berriz), Kriskitin eta Txoritxu Alai (Durango), Garaiko Dantza Taldea, Iurretako Dantzariak, Gazte Alai (Mallabia), Andra Mari (Mañaria) eta Urduri (Otxandio).

Dantzariak laguntzen Udazken, Jaizale eta Kaleik-Kale txistulari taldeak arituko dira. Ainhoa Salterain alkatearen esanetan, “gure erroak eta nortasuna bizirik mantentzeko ezinbesteko ekimena da hau”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top