DOT Durangaldea

1936ko gerrak Abadiñon izandako eraginak jaso dituen liburua aurkeztuko du Gerediagak

Duela bi urte abiatu zen ikerketa prozesua Abadiñoko Udalaren babesarekin, eta herriko memoria historikoa sakontasunez jorratzen duen lehenengo lana izan da

Liburuaren aurkezpena datorren ostegunean izango da

ABADIÑO |  Jesus Mari Arruabarrenak idatzi du liburua, eta ikerketa prozesuan hainbat ikerlari, herritar eta eragilek parte hartu dute. Prozesuan grabatutako testigantzak ere ikusgai jarriko dituzte hilaren 23an garaia.gerediaga.eus webgunean.

Gerediaga elkarteak 1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo gerrak Abadiñon izan zuen eragina ikertu du, Abadiñoko Udalak babestutako egitasmoaren barruan. Duela bi urte hasi zen lana, eta emaitzak jasotzen dituen liburua datorren apirilaren 23an aurkeztuko dute jendaurrean Errota kultur etxean, 18:30ean. Arruabarrena abadiñarrak idatzi du liburua, ikerketan parte hartu duen talde zabalaren ekarpenak kontuan hartuta; beraz, talde-lan baten emaitza da.

Liburuaren edukia

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburuak gertakari historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak bildu ditu. Urteetan isilpean eta norbanakoen memorian gordeta egon diren istorioak argitara ateratzea izan da egitasmoaren helburua, herrian gerraren biktima izan zirenen oroimena eta aitortza lantzeko. Ikerlan indibidualetatik harago, Abadiñoko memoria historikoa sakontasunez aztertu duen lehenengo ikerketa da, eta herriaren iragana ulertzeko lan garrantzitsua eskaintzen du.

Liburua hainbat ataletan banatuta dago. Arruabarrenaren kontakizuna gerraurreko testuingurua azaltzen hasten da, Abadiñoko egoera soziopolitikoan kokatuz. Ondoren, gerrako pasarteak eta gai nagusiak jorratzen ditu, bildutako datuak eta lekukotzak tartekatuz. Informazio berria ere plazaratzen da: Abadiñon izandako borrokak eta erasoak, fusilamenduak, espetxeratzeak, karguen depurazioak…

Horrez gain, Jimi Jimenez historialariak gerrarekin lotura izan zuten abadiñarren zerrendak osatu ditu, eta liburuaren azken atalean ageri dira. Zerrendak tipologien arabera sailkatuta daude: gudari eta milizianoak, langile batailoietara behartuak, epaituak, errefuxiatu eta ebakuatuak, bonbardaketetan hil edo zaurituak, fusilatuak, eskumatarrak, soldadu eskumatarrak, mobilizatuak, industriako langileak eta bestelakoak. Pertsona horien guztien biografia laburrak QR kode bidez kontsultatu daitezke.

Liburuak Mila Salterain eta Luis Berrizbeitiaren hitzaurrea ere badu.

Ikerketaren pausoak

Liburuaren oinarrian lan luze eta sakona dago: dokumentazioa aztertzea, aldizkari zaharrak kontsultatzea, argazkiak lokalizatzea eta elkarrizketak egitea, besteak beste. Arruabarrenarekin batera, hainbat ikerlari eta eragilek hartu dute parte: Jimi Jimenez historialaria Euskal Herriko eta Espainiako artxiboak arakatzen aritu da; Marta Calvo ikerlariak Auxilio Socialari buruzko azterketa sakondu du; eta Gerediaga elkarteko zein Durango 1936 elkarteko kideek ere lagundu dute. Horrez gain, informazio iturri gisa hainbat herritarren ekarpena jaso dute.

Testigantzak ikusgai

Ikerketa prozesuan 40 bat herritarrekin solasaldiak izan dituzte, eta horietako hogei bideoan grabatu dituzte Durango 1936 elkartearen laguntzaz. Testigantzak garaia.gerediaga.eus webgunean egongo dira ikusgai apirilaren 23tik aurrera. Aurkezpen ekitaldira bertaratzen direnek ikus-entzunezko horien lagin bat ikusteko aukera izango dute.

Liburuaren salmenta

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak liburua ekitaldian bertan egongo da salgai, euskaraz zein gazteleraz. Ondoren, Abadiñoko Estankoan eta Petite kioskoan, baita Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan ere eskuratu ahal izango da. Gainera, online erosi daiteke Elkarren webgunearen bidez.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top