Irteerak maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean egingo dira, ondarea eta bereziki bazelizak ezagutzeko, eta parte hartzeko izena aurrez eman behar da

AMOREBIETA-ETXANO | Bere izenak ondo adierazten duen bezala, ‘Ibiliaz Ezagutu’ ekimenak helburu du, ibilaldi desberdinek bitartez, eskualdeko paisaia eta monumentuak ezagutzea eta horiez gozatzea.
Helburu hori oinarri hartuta sortu zuen, hain zuzen, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekimen hori eta horri jarraiki, oraingoan, Bizkaiko zenbait baseliza ezagutzeko lau ibilaldi antolatu ditu maiatzean. Irteerak larunbatetan egingo dira, hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean egingo dira, hurrenez-hurren.
Ibilaldien xehetasunak
Lehen ibilaldia, San Pedro Atxarrera egingo da 12,4 kilometroko txangoa. Bizkaiko kostaldean ditugun inguru aipagarrienetako bat da Atxarreko San Pedro. Bertara hurreratuko gara Lagako hondartzatik abiatuta, Ogoño haitzak eta Akorda auzoak eskaintzen dizkiguten paraje paregabeez ere gozaturik.
Maiatzaren 16an, urdaibain jarraituko dugu, inguru horretan oso preziatua den beste tontor bat zapaltzeko. Ereñoko San Migel baseliza, artadi zarratuei gailendurik, lamien eta sorginen ezkutalekua dugu, Oka ibaia itsasadar bilakatzen den gunearen jagole. Ibilaldi honek 9km izango ditu.
Hilaren 23ko irteera, Bizkaiko ekialdera zuzenduta aurkituko dugu, Sante eufemiara hain zuzen ere. Izerditan blai egonik ere, ezin ederragoak diren parajeez beteko digu gogoa. Zestalari mitikoen ikastegi izan den Markinatik abiatu eta Urregaraira igoko gara, ibilaldiaren ostean atsedena hartzeko gune aproposa eskainiko digun Aulesti herrian amaitzeko. Ibilaldi honek 13,7 kilometroko ibilbidea du, zailtasun ertainekoa.
Azkenik, maiatzaren 30ean, Santa Kutzera txangoa eginez emango zaio amaiera ‘Ibiliaz Ezagutu’ren baitan maiatzerako antolatutako ibilaldi sortari. Dorletako santutegitik irten, eta Anboto, Udalaitz, Gorbeia eta beste hainbeste mendi esanguratsuren ikuspegi zoragarria eskainiko digu Aitzorrotz gailurrak, Erdi Aroko gaztelu baten eta erromatarren presentziaren aztarnak biltzen dituen inguruan zehar ibili ondoren 11,7 kilometroko ibilbide honetan.
Irteera guztiak goizeko 08:00etan abiatuko dira Nafarroa parkinetik. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute ibilbideak azken unean moldatu daitezkeela, hauek egokiagoak edo ederragoak izate aldera.
Izen-ematea
Irteera hauetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Zelaieta Zentroan, horretarako azken eguna irteera bakoitzaren aurreko osteguna izanik. Prezioa 8,75 euroko da irteera bakoitzeko eta beharrezkoa da Hiritarren txartela (lehengo Ametx Txartela) izatea.


