Biktimak larri jarraitzen du, zainketa intentsiboetako unitatean

BERRIZ | Bikotekidea hiltzen saiatzeagatik Berrizen atxilotutako gizona espetxean sartu dute, Durangoko Epaitegietatik igaro eta epaileak deklarazioa hartu ostean. Biktimak larri jarraitzen du, zainketa intentsiboetako unitatean.
Ustezko egilea, 48 urteko gizonezkoa, astelehenean atxilotu zuen Poliziak, emaztea, 38 urteko emakumezkoa, labankadaz hiltzen saiatzea egotzita. Erasoa astelehen goizean gertatu zen, familiaren etxebizitzan bertan, eta bikotearen lau seme-alabek eta bizilagun batek geldiarazi zuten erasoa.
Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri, helikopteroz. Halaber, biktimaren alabetako bat, 15 urteko adingabea, arin zauritu zuen aitak.
Manifestazioa, erasoa gaitzesteko
Ehunka herritarrek hilketa matxista saiakera salatu zuten astelehenen arratsaldean, Berrizen. Indarkeria matxistaren aurrean ardura kolektiboa aldarrikatu beharra nabarmendu zuen Berrizko Mugimendu Feministak, eta Emakundek, berriz, horrelako erasoen aurrean kalera irtetzearen beharra.


