Lagun Onak elkarteak antolatutako txapelketa 2.000 eurotik gora banatuko ditu sarietan

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok XI. Master Kaiola txapelketaren edizio berria aurkeztu du gaur goizean. Eskupilota egutegian jada finkatuta dagoen hitzordu hau larunbat honetan hasiko da eta ekainaren 20ra arte jokatuko da herriko frontoian. Txapelketak nagusiak, gazteak eta neska promesak mailako pilotariak batuko ditu, talentu berriei eta ibilbide luzeko kirolariei lekua eginez.
Lagun Onak pilota elkartearen eskutik antolatutako txapelketa honek kanporaketa sistema berritzailea izango du. Pilotariak progresiboki sartuko dira txapelketan fase erabakigarrietara iritsi arte; formatu honekin berdintasuna sustatu eta txapelketa osoan zehar lehiakortasuna mantendu nahi da.
Formatua eta egutegia
Partidak asteburuetan jokatuko dira nagusiki, hainbat partiduko jardunaldiekin. Larunbatetan, saioak 16:30ean hasiko dira; igandeetan, berriz, goizez jokatuko da, 10:30etik aurrera.
Finalerdiak ekainaren 13an eta 14an jokatuko dira, eta final handia, ostera, ekainaren 20rako aurreikusita dago. Txapelketak 2.000 eurotik gora banatuko ditu sarietan:
-
Nagusiak: 700 euro txapeldunarentzat eta 400 euro azpitxapeldunarentzat.
-
Gazteak: 400 euro txapeldunarentzat eta 200 euro azpitxapeldunarentzat.
-
Neska promesak: 300 euro txapeldunarentzat eta 150 euro azpitxapeldunarentzat.
Herritarrei gonbidapena
Aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak txapelketak zaleentzat duen balioa azpimarratu du, pilotarientzat erakusleiho garrantzitsua dela gogoraraziz: “Aukera ederra da pilotariek euren maila erakusteko”. Era berean, zornotzar guztiak frontoira hurbiltzera eta giroaz gozatzera animatu ditu, herriko babesa funtsezkoa dela nabarmenduz.


